Oindi eta Altxista bitartean dauden megalitoetara Xoxokatik joan daiteke. Etzela eta Unameneko multzotara eta Nafarroako lurretan dauden megalitotara, berriz, Aranotik.
Megalitotegi honen Iparraldetik abiatuz lehendabizi, Oindiko gailurrean, harlosa ugariz eratutako zista edo ganbara txiki bat topatzen dugu. Onyi izeneko Zista.
650 m HE aldera Mulisko Gainako multzo ederra aurkitzen da, Oindi mendiko HEko maldako zabalgune batean. Leku honetan 4 harrespil, zista bikoitz bat, zutarri bat eta beste bi zehaztugabeko egiturak. Multzo honetako megalitoak bertako hareharri eta konglomeratuak osatzen dute.
Bisasabe izeneko lepaka zabalean, Oindi mendiko HMan Pozontarriko Lepoa izeneko trikuharria aurkitzen da.
Arleorko Zabalako lepoan, Trintxalekuta eta Arleor haitzen artean, 4 harrespil aurkitzen dira. Mendilerroa jarraituz eta EHE aldera igoaz, Aballerri mendiko iparraldeko lepoan Aballarriko trikuharria dago.
Adarra aldera jarraituz, Mantale izeneko elurzulo zaharretik 200 m hegoaldera, mairubaratz tumular eder bat aurkitzen da, Elurzuloko mairubaratza. Elurzulotik 500 m EIE aldera, 1995ean mairubaratz berri bat aurkitu da, Amunolako mairubaratza.
Oraindik Adarramendiko iparraldeko maldan, Tximistako Egiako mairubaratzetatik 250 m IIMra, zabalgune txiki batean, 5 harrespil berri aurkitu dira. Tximistako mairubaratzak.
Agerreko Zabalako lepaka zabalean, Adarramendiko hegoaldean, Etenetako mairubaratzak daude. Beraien artean 2 m altuerako ortostato eder bat agertzen da.