Arreteneta izeneko lepoan, Oindo mendiko HEan Otsolepoko trikuharria dago.
Altxistako lepoan, Argarate edo Zaburuko haitzen HEan Altxistako mairubaratzak daude. Eta hemendik hurbil, HEra dagoen lehendabiziko muinoan, Altxistako trikuharria.
Mendilerroa aurrera jarraituz, Leuneta aurretik dagoen bidegurutzean, Arano eta Goizueta aldera hartuz, Urritzako Lepoan, ur banaketatik 50 m Leizaran aldera, Etzela Mendabaldeko mairubaratz tumularra aurkitzen da. Etzelako lepoan, Leuneta mendiko mendabaldean, ur banaketaren gainean, Etzelako 16 harrespilak daude. Etzelako lepotik 300 m HEra, Mandoegira doan pistatik hurbil, bi mairubaratz handi daude: Etzelako Arritxuriak izeneko mairubaratzak.
Etzelatik 500 m IEra, Leunetako iparraldeko maldan, bizkar zorrotz baten gainean eta 150 m zehar, 3 harrespil eta bi tumulu daude: Unameneko mairubaratzak.
Une honetatik bisitatu daitezke Nafarroako lurretan aurkitzen diren megalito ikusgarriak.
Gipuzkoako lurretara itzuliaz eta Mandoegi aldera jarraituz, Abade Kurutzetik pasatzen da. Leku honetan 60 hamarkadan ortostato ederrak zituzten hiru harrespil ondatu zituzten.