AIERDI, X. eta URANGA, B. (Ed.)
Euskara, immigrazioa eta hizkuntza eskubideak. Lan jardunaldiaren inguruko gogoetak


2007ko azaroaren 29an "Euskara, Immigrazioa eta Hizkuntza Eskubideak" izeneko lan jardunaldia egin zen Bilbon Ikuspegik eta Amarauna-Unesco Etxeak antolaturik. Euskal Herrian gai horien inguruan ari diren 45 pertsona bildu ziren, zenbait adituk landu zituzten gogoetak eztabaidatu eta iruzkintzeko asmotan. Jardunaldiaren emaitza da honako txosten hau.

"Euskara, Immigrazioa eta Hizkuntza Eskubideak" jardunaldiaren ondorio den testu honetan, lehenik, hizlariek esandakoaren muina eta jardunaldian parte hartu zutenek egindako iruzkinak bildu dira; ondoren, hitzaldiak berak erantsi dituzte, osorik.

Eztabaidarako lehen gaia Eduardo J. Ruiz Vieytez irakasleak landu zuen, herri erakundeek hizkuntza aniztasuna egoki kudeatzeko ideiak emanez. Bi atal bereizi zituen hitzaldian: batetik, hizkuntza kudeaketaren funtsezko oinarri eta hatsarreak finkatu zituen; bestetik, haiek gauzatzeko neurri eta jarduera sorta proposatu zuen. Ruiz Vieytezen iritziko, EAEn bi hizkuntza ofizial izanagatik ere, herritarren nahia nahiko urruti dago ustezko elebitasunetik. Ondorioz, are nekeago gauzatuko da eleaniztasuna, elebitasuna bera ozta-ozta baino gauzatzen ez den gizartean. Jarrerak aldatze aldera, hainbat ardatz indartu beharra azpimarratu zuen hizlariak: aniztasuna, lege esparrua, iraupena, hezkuntza, justizia, herri administrazioa, hedabideak, kultura, eta ekonomia eta gizartea.

SOS Arrazakeria taldeko Agustin Unzurrunzagak, berriz, etorkinen hizkuntza eskubideen gainean jardun zuen. Immigrazioari buruzko datuak emanez ekin zion hitzaldiari, esanez espainiar estatuan populazioaren % 10 direla etorkinak eta, aldiz, %4,6 EAEn. Gurean erroldatuta daudenen jatorriari dagokionez, 20 herrialdetakoak dira etorkinak; denera, bederatzi hizkuntza erabiltzen dituzte. Haien hizkuntza eskubideei dagokienez, zuzenbide arautegiak aztertu eta babesa hutsaren hurrena dela adierazi zuen Unzurrunzagak, administrazioaren aurrean hiru kasutan baino ezin baitira baliatu etorkinak beren hizkuntzaz: alegia, atxilotzen, epaitzen edo espetxera sartzen dituztenean. Gainerako kasu guztietan, atzerritarrak hizkuntza ofizialak ikastera behartuta daude. Hizlari honek Europan hizkuntz aniztasunaren inguruan dauden muturreko bi joerak ere aipatu zituen: hizkuntza guztien berdintasuna aldarrikatzen duena, batetik, eta bestetik, ostera, hizkuntza eskubide pribatua dela dioena, hots, Estatuari edota inongo gehiengoari hizkuntza jakin bat inori inposatzeko gaitasun morala ukatzen diona.

Bederatzi hitzaldietatik beste batean, Amelia Barquin eta Uri Ruiz Bikandi irakasleek hizkuntzen kudeaketaz gogoeta egin zuten, eskola esparruari dagokionean. Hizlariek hizkuntz integrazioaz jardun zuten lehenengo, kontuan harturik etorkinen ia % 50 Hego Amerikatik datorrela eta, beraz, EAEko bi hizkuntza ofizialetako bat badakitela. Euskara dela eta, aldiz, etorkin helduek ez dutela euskara ikasten esan zuten Barquinek eta Ruiz Bikandik; irakasleon irudiko, ez ikaste horretan euskara normalizatu gabeko hizkuntza izatea garrantzi handiko faktorea da. Errealitatea deskribaturik ere, esperantzarako kontzeptuen zerrenda ere egin zuten irakasleek. Besteak beste, errespetua, sinpatia eta ordaina aipatu zituzten. Atzerritik datorren ikaslearen ezaugarrietara -gaztelaniaz dakitenak, batetik, eta hemengo hizkuntza ofizial bietan bat ere ez dakitenak, bestetik-, egokitu beharra ere azpimarratu zuten. Halaber, eskolan hizkuntzen kudeaketa hobetzeko proposamenak ere egin zituzten hizlariek.

Arestian esan bezala, bederatzi dira Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokia eta Amarauna-UNESCO Etxearen argitalpen honetara bildutako hitzaldiak, gaiaren gaineko ikuspegi zabala osatzen laguntzen dutenak, inondik ere. Dena dela, lan hau ez ezik, beste liburu bat ere argitaratu dute bi erakundeek gai beraren inguruan: Hizkuntzak eta Immigrazioa du izena eta, bertan, immigrazioaren ondorioz gure inguruan hitz egiten diren hizkuntzak identifikatu dira, haien berri eman da, eta jatorrizko herrialdeetako informazio soziolinguistikoa ere eskaini da. Hizkuntzak eta Immigrazioa lanaren helburua da gizartea sentsibilizatzen irautea, hizkuntza eta kultura aberastasuna azpimarratzea, eta jendeen arteko elkarbizitza eta elkar ulertzea sustatzea.

Aurkibidea:

Atarikoa

Laburpenak

  • Hizkuntza aniztasuna kudeatzeko ideiak
    Eduardo J. Ruiz Vieytez (Deustuko Unibertsitatea)
  • Etorkinen hizkuntza eskubideak
    Agustin Unzurrunzaga (SOS Arrazakeria)
  • Ikasle etorkinak eta euskara: galderak eta zalantzak
    Alberto Agirreazaldegi (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila)
  • Hizkuntzen kudeaketa eskolan
    Amelia Barquin (Mondragon Unibertsitatea) eta Uri Ruiz Bikandi
  • Euskara, immigrazioa eta hizkuntza-eskubideak
    Mario Zapata (soziolinguistika eta immigrazio gaietan aditua)
  • Kolektiboen eta nazioen hizkuntza eskubideak
    Julen Zabalo eta Iker Iraola (UPV-EHU)
  • Immigrazioa eta eskubide linguistikoak
    Xabier Zabaltza (UPV-EHU)
  • Begiratu bat orbitatik
    David Anaut (idazlea)
  • Material gordin bat hizkuntzen ukipenerako
    Jon Sarasua (HUHEZI. Mondragon Unibertsitatea)
  • Partaideen iritzi eta iruzkinak

Eranskina: hitzaldi osoak

  • Ideas para gestionar la diversidad lingüística
    Eduardo J. Ruiz Vieytez (Deustuko Unibertsitatea)
  • ¿Qué hacemos con la pluralidad lingüística realmente existente?
    Agustin Unzurrunzaga (SOS Arrazakeria)
  • Ikasle etorkinak eta euskara: galderak eta zalantzak
    Alberto Agirreazaldegi (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila)
  • Hizkuntzen kudeaketa eskolan
    Amelia Barquin (Mondragon Unibertsitatea) eta Uri Ruiz Bikandi
  • Euskara, immigrazioa eta hizkuntza-eskubideak
    Mario Zapata (soziolinguistika eta immigrazio gaietan aditua)
  • Kolektiboen eta nazioen hizkuntza eskubideak
    Julen Zabalo eta Iker Iraola (UPV-EHU)
  • Immigrazioa eta eskubide linguistikoak
    Xabier Zabaltza (UPV-EHU)
  • Begiratu bat orbitatik
    David Anaut (idazlea)
  • Material gordin bat hizkuntzen ukipenerako
    Jon Sarasua (HUHEZI. Mondragon Unibertsitatea)

Liburuaren ezaugarriak:

  • Hizkuntza: Euskara eta Gaztelania
  • Argitaratzailea: Ikuspegi eta Amarauna - Unesco Etxea
  • Urtea: 2008
  • Orrialdeak: 72
  • ISBN: 976-84-9860-087-2

* Liburu hau HABEren liburutegian eskura daiteke.

Azken eguneratzea: 2009/02/25