|
| Lehendakaria hitz egiten (M.A.) |
Lehendakariak Saint Malon egin duen hitzaldiaren aurkezpena (ppt, frantsesez)
Lehendakariaren ustez, krisiaren aurrean herritarrei "mezu argiak" iragarri behar zaizkie, baina "izurik sortu gabe". Hala, "izua zabaltzen" duten "gehiegizko antzezpenei" buruz ohartarazi du Lehendakariak. Bere ustez, kontsumoan "efektu kaltegarriak" dituzte eta, gainera, "ekonomietan konponezinak diren ondorioak ekar ditzakete". Hori dela-eta, Ibarretxek albisteak "argitasunez, errealismoz eta gordintasunez" helaraz ditzaten eskatu die hedabideei, "guztiongan eragina duen, eragina izaten jarraituko duen eta eragin gehiago izango duen" egoera baten aurrean. Halere, egungo egoera finantzarioari buruzko albisteekin ezin dela izurik sortu ezta gehiegizko antzezpenik egin ere zehaztu du Lehendakariak.
Bretainiako lurraldeetako Eskualdeko Batzarrak 600 instituzio-kargudun eta eragile politiko, ekonomiko eta sozial bildu ditu, gaurkotasun politikoaz, ekonomikoaz eta sozialaz eztabaidatzeko. Saint-Malon ospatzen ari diren jardunaldien laugarren edizio honetan, Ibarretxe egungo nazioarteko krisi finantzario eta ekonomikoari buruz mintzatu da eta, bere ustetan porrot egin duen autoarautzearen aurrean, mundu mailako erantzun arautzaile baten aldeko apustua egin du Lehendakariak.
Lehendakariak aktore finantzarioen eta rating agentzien "arduragabekeriari" egotzi die egungo nazioarteko krisiaren sorrera eta, nazioarteko finantza sistemaren berritzeari dagokionez, aldeaniztunezko jarrera baten beharra nabarmendu du.
Arautzea
Ibarretxe merkatuaren nazioarte mailako arautzearen beharra azaldu du, "bestela, noraezean dabilen itsasontzi bat bezala izango gara eta, haizearen arabera, portu batean edo bestean bukatuko duena". "Autoarautzea, inoiz gehiago ez", esan du.
Egoera horren aurrean, "mundu mailako erantzunak" eman behar direla baina, baita "unean unekoak" ere adierazi du Lehendakariak. Ildo honi jarraituta, euskal administrazioek krisi ekonomikoari emandako erantzunak zerrendatu ditu. Ibarretxeren ustetan, aurrea hartzea nahitaezkoa da, "euskal autogobernua ekoizpen sarearen menpe jartzea".
Bere hitzaldian, larrialdi neurriak ezin dutela sakoneko arrazoi eta erabakiak ahaztea nabarmendu du Lehendakariak. Hori dela-eta, berrikuntzarekiko konpromisoa izatea beharrezkotzat jo du. Testuinguru honetan, 2010. urtera arte 6.900 euro inbertitzeko bere Gobernuak onartu zuen Zientzia eta Teknologia Plana gogora ekarri du.
Berrikuntza
Ibarretxek adierazi du "berrikuntzarekin dugun konpromisoa" ez dela oraingo krisialdiari erantzuteko izango etorriko direnei aurre egiteko baizik, izan ere, gehiago izango ditugula adierazi du.
Krisialdiak euskal ekonomiari ere kalte egin diola onartu du, baina egoerari aurre egiteko "Espainiako ekonomia" eta Europako eskualdeetako zenbait ekonomia baino hobe prestatuta dagoela azaldu du. Adierazi duenez, duela urte batzuk Euskadin aurrez hartutako erabakien ondorioa da egungo egoera.
Bretainiako bizitza ekonomikoko eta politikoko 600 ordezkari ingururen aurrean, erakundeen arteko bizkortze ekonomikorako hitzarmenaz, "oraindik Espainian krisialdi hitza debekatuta zegoenean" martxan jarri zuten hitzarmenaz hitz egin du. Azaldu du akordio horren bidez 12.900 euroko diru laguntzak abiatuko dituztela, inbertsio publikodun politika keynesiarrak eta laguntza sozialerako politikekin krisialdiari aurre egiteko. Era berean, enpresei finantziazioa lortu ahal izateko laguntza emateko abiatu dituzten politikak azpimarratu ditu.
Euskal erakundeek krisialdiari aurre egiteko proposatzen dituzten erantzunak hauek dira, Lehendakariak azaldu duenez: "Aurretiaz, argitasunez, lidergoaz lan egitea, bat bateko erantzunak emanez, aurrekontu antiziklikoekin, presio fiskala ez areagotuz, proiektu estrategikoak bultzatuz, berrikuntzaren aldeko apustua eginez eta gogor lan eginez".
Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen antiziklikotasuna azpimarratu ostean, familiei eta enpresei presio fiskala ez areagotzearen alde azaldu da, eta gizarteari itxaropen mezua helaraziko dioten proiektu estrategikoak bultzatzearen aldeko apustua adierazi du. Egoera ekonomiko honen aurrean "adorez jokatzeko gai diren enpresak, enpresariak eta langileak ditugu", esan du.
"Krisialdiari begietara begiratzen ez badiogu, gainetik pasako zaigu", adierazi du, eta ongi mantentzen diren enpresek, erabakiak eta inbertsioak atzeratu gabe krisialdiari aurre egiten dioten enpresek datozen urteetan "errebote guztiak" hartuko dituztela azaldu du.
Autonomia fiskala
Bestalde, Euskadik duen autonomia fiskalaz hitz egin du, eta, gaineratu duenez, "politika fiskala garapenaren zerbitzura jartzea" da oinarri estrategiko nagusia.
Horren harian argitu duenez, euskal sistema fiskala "ez da administrazio publikoen zuloak estaltzeko instrumentu bat", gizartearen ongizatearen eta garapenaren alde egon behar da. Gainera, herrialdeak prestakuntzarekin, aurrezkiekin, negozioekin, kulturarekin, hizkuntzarekin, eta identitatearekin duen konpromisoa ere izan behar duela azpimarratu du Ibarretxek.
Lehiakortasuna
"Lehiakortasunaren diamantea" deitu duenaren bost puntuetaz ere hitz egin du Lehendakariak, eta birmoldaketatik berrikuntzarako trantsizioa nolakoa izan den azaldu du. 80ko hamarkadako birmoldaketaren ostean, lehiatzeaz eta kooperatzeaz hitz egitera pasatu zirela eta funtsezko sektoreak clusterizatzeko prozesu bat eman zela gogorarazi du, ordura arte bakoitza bere aldera begira egon ziren sektoreak elkarrekin lan egitera eramanez. Clusterren garapenaz Britainiako Gobernuarekin hitz egiten ari direla azpimarratu du Lehendakariak.
Horren harian, cluster estrategikoen politiken inguruan "guztiak batera" aurrera egiten jarraitzearen alde azaldu da, "nahiz eta zaila izan". "Gero eta baterako sinergia, indar, analisi eta erabaki gehiago munduaren aurrean", esan du, eta "lurraldean askoz gehiago finkatutako enpresa eta industria sistema" izatearen garrantzia azpimarratu du.
Halaber, erakundeek ekonomia errealaren produkzio sarearen alde egin zuten apustua nabarmendu du, "nahiz eta Espainiatik eta Europatik jaso genituen kritikak jaso", baita komunikazioen azpiegiturak bultzatzearen, hezkuntzaren, teknologiaren eta kalitatearen aldeko apustua ere.
Giza Garapena
Bere Gobernuaren konpromisoetako bat giza garapen iraunkorra dela azaldu du Ibarretxek, eta horrekin "gizartea ez boteretik soilik eraikitzea", pertsona guztien eskubideen bermetik era eraikitzea nahi dutela adierazi du; azken hori "Europak dituen defizit handienetako bat" dela gaineratu du. Pertsonen eskubideen bermetik gizarte bat eraikitzeko dugula esan du, eta eskubideok bermatu arte "gizarte demokratikoak" izango ez garela gaineratu du. Horren harian, "inor alde batera utziko ez duen" hazkunde orekatu baten alde azaldu da.
Horren harian, euskal gizarteak dituen lan, hezkuntza, errenta eta bizi kalitate tasak azpimarratu ditu. Horren froga gisa, esan du, Euskadi munduko giza garapen indize altuenetakoa duen herrialdeetako bat dela. Giza Garapenaren 2007ko Indizean hirugarren postuan zegoen, Islandiaren (lehen postuan) eta Norvegiaren (bigarren postuan) ostean, Australia, Kanada, Suedia eta Irlanda aurretik.
Leize digitala
Euskal gizartearen aldaketa bultzatzeko palanka, "Euskadik, munduan ezaguna izateko nahi duen DNA", berriztatzeko, aurkitzeko eta modernizatzeko "pasioa" dela azaldu du. Eta horretarako, "enpresa lehiakortasun eredu berri bat bilatzerako orduan berriztatzea", eta, une berean konektibitatea lortzea beharrezkoa dela adierazi du.
Euskal gizarteak leize digitala gainditzeko duen konpromisoa azaldu du Lehendakariak, eta munduan dagoen "baztertze modu berriaz" ohartarazi du, hau da, konektatuta daudenak alde batetik, eta konektatuta ez daudenak bestetik. Ibarretxeren aburuz, beharrezkoa da arazo hori konpontzea, eta ekonomiaren eta ongizatearen garapena arazoak areagotuko ez dituen garapen teknologiko eta digital batek lagunduta egotea.
Ibarretxeren hitzetan, planetako 6500 milioi biztanleetatik "1500 milioi bizitza maila on batekin bizi gara, eta krisialdi ekonomikoa dagoenean hori esatea ondo dago baina, ez dugu ahaztu behar egunean bi dolar baino gutxiagorekin bizi diren 4500 milioi pertsona ere badaudela".
Bretainiako lurraldeen Eskualdeko IV. Batzarraren hasiera ekitaldian hitz egin ostean, Juan José Ibarretxe Lehendakariak eta Jean-Yves Le Drian Bretainiako Presidenteak Euskadiren eta Frantziako eskualde honen komuneko interesen inguruan hitz egin dute. Horren harian, bi agintariek azaldu dute komunean dituzten gaien inguruan elkarlanean jarraitzeko eta Euskadiren eta Bretainiako eskualdearen arteko aldebiko harremanak indartzeko konpromisoa.
Bere hitzaldian, Le Dryan Presidenteak cluster fenomenoarekiko duen interesa azaldu du, eta Bretainiako Garapenerako Agentziak fenomeno hori garatuko duela adierazi du.
|