Azken eguneratzea: 2011/03/14
Parrillan behi bat daraman furgoneta bat kaleetan barrena dabil bi hilabetez herritarrei jaki horren nutrizio-balioa gogoratzeko
Kontsumitzaileek behikia duten errezetak bidali ditzakete www.behiharagia.net orrialdera eta sari goxo bat irabazteko aukera izango dute
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailak behikiaren kontsumoa sustatzeko martxan jarri duen kanpaina, 'Behi haragia, elikagai zoragarria', behikiaren nutrizio-propietate ugariak azpimarratzen jarraitzen du, dieta orekatua izateko biztanleria guztiarentzako oso jaki beharrezkoa dela gogoratuz. Kanpainaren protagonista parrillan poliespanez, epoxi erretxinaz, beira-zuntzez eta larru sintetikoz egindako behia daraman vintage furgoneta da. Furgoneta hau, joan den otsailaren 9tik, EAEko udalerrietan barrena dabil, beren maleta behikiaren elikagai nagusiekin –proteinak, aminoazidoak, burdina, fosforoa eta B12 bitamina– betetzera jendea animatuz. Bizkaiako udalerrietan barrena hainbat egun bidaiatu ondoren, kanpaina Gipuzkora itzuli da, datorren martxoak 22ra arte.
14an, furgoneta Errenteria, Irun eta Hondarribiako kaleetan ibiliko da eta 15ean, Azkoitia eta Azpeitiara hurbilduko da. Asteazkenean, hilak 16, Goierrira iritsiko da, bidean Tolosa, Ordizia eta Beasain bisitatuz. Ostegunean, 17an, kanpaina Irun eta Errenteriara itzuliko da, bide batez Pasaiara ere gerturatuz. Ostirala 18an, Arrasate, Oñati, Eskoriatza eta Aretxabaletara joango da. 19an, larunbata, berriz ere Donostiako kaleetan zehar ibiliko da eta igandean, hilak 20, Mutrikuko Berdel Egunean parte hartuko du.
Nutrizio propietateak eta errezeta lehiaketaBehikia oso jaki garrantzitsua da biztanleria osoaren dieta orekatuan, baina bereziki hazten ari diren haurren, haurdun dauden emakumeen, kirolarien eta adineko pertsonen dietan, proteina gehiago behar baitituzte. Behikia astean hiruzpalau aldiz kontsumitzea gomendatzen da, 100 edo 150 gramoko zatietan.
Behikia oso prezio altuekin lotzen dugu maiz, baina dena ez da azpizuna edo txuletoia; gainerako zatiek ere kalitate bikaina dute eta ez dira hain garestiak, eta errezeta goxoak presta ditzakegu haiekin; esaterako lepoaldea, atzealdeko zangarra, tapa eta isatsarekin. Errezetak, www.behiharagia.net web orrialdean topatu daitezkeenak bezalakoak: kontsumitzaileek web orri horretara beren errezetak bidali ditzakete, eta sari goxo bat irabazteko aukera izango dute, bi lagunentzako bazkaria Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako jatetxeetan. Guztira, bost sari daude. Webgunean gainera, elikagaiei buruzko informazioa eta Arantxa Ezcurdia nutrizionistak osatutako asteko menuak aurki daitezke.
Kanpaina honen arrazoia azken urteotan behikiaren kontsumoak egin duen beherakada izan da. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailaren datuen arabera, 2004 eta 2010 urteen artean behikiaren kontsumoa %10 jeitsi da Euskadin. Euskadin 5.000 behi-ustiategi eta 72.000 abelburu inguru daude, 10.000 enplegu ematen dituztelarik. Bestalde, harakintzak, 1.700 enplegu ematen ditu. Kanpaina otsailaren 9an abiatu zen Gasteizen, eta apirilaren 8an amaituko da.