|
Eusko Jaurlaritzak merkealdietan erosterakoan kontutan hartu beharreko gomendioak ematen ditu.
Eusko Jaurlaritzako Kontsumo Zuzendaritzak gogorarazi nahi die kontsumitzaileei urtarrilaren 7an hasi direla neguko merkealdiak. Merkealdiak ekintza komertziala dira eta horien helburua da denboraldiko hondarrak saltzea, merkataritza ikuspuntutik, eta produktu horiek merkeago eta kalitate berarekin erosteko aukera edukitzea kontsumitzaileek, bestetik.
Gure erosketa egokia izan dadin, komeni da erosi aurretik hausnartzea, kontsumitzeko jokaera oldarkorra ez izateko publizitate eta komunikabideen gehiegizko estimuluen aurrean. Bestetik, denboraldi hauetan arduratsuak eta kritikoak izan behar dugu kontsumitzaileok. Horretarako puntu hauek izan behar ditugu kontuan:
1. Merkealdiak gutxienez astebete eta gehienez ere bi hilabete iraungo du. Merkealdia noiz hasi eta noiz amaitu dena delako dendaren jabeak erabakitzen du indarrean den legerian baimendutako epearen barruan izan behar du, urtarrilaren 7tik martxoaren 31ra, eta kontsumitzaileari merkealdiak zehazki zenbat iraungo duen adierazi beharko dio.
2. Merkealdian ezin izango dira salgai jarri hilabete lehenagotik behintzat prezio arruntarekin merkaturatu gabeko produktuak. Era berean, ez dira merkeago daudela esanda akatsen bat duten salgaiak eskainiko. Akatsen bat baldin badute, saldo gisa baino ezin dira eskaini. Ez dira gauza bera merkealdiak eta likidazioak, azken hauek arrazoi bereziengatik egiten baitira: itxi egiten dela negozioa, beste jarduera bat egingo dela, lekuz aldatzen dela… Eskaintzak eta promozioak ere ez dira merkealdiak, horiek produktu zehatz batzuk edo merkataritza bera sustatzeko izaten baitira.
3. Merkealdiak ez baldin badie dendan eskaintzen diren produktu guztiei eragiten, merkealdian daudenak behar bezala bereiztu beharko dira gainerakoetatik.
4. Produktuak etiketa egokia izan beharko du, eta konposizioa zein den ere garbi erakutsi beharko du.
5. Saltzeko eskaintzen den produktu bakoitzaren prezioak garbi erakutsi beharko du zein zen lehen zuen prezioa eta zein den merkealdian duena.
6. Erakusleihoan ageri diren produktuek kanpotik ikusteko moduan izan beharko dituzte prezioak.
7. Lehenagotik adierazten ziren ordainketa-moduek indarrean jarraituko dute merkealdian ere, non eta ez den ikusteko moduan adierazten ordaintzeko eretakoren bat ez dela onartuko merkealdian zehar.
8. Eska ezazu beti tiketa edo erosketaren faktura, eta gorde, erreklamazioren bat egin behar baduzu ere.
9. Itzultzen zaizkion produktuak onartu egin beharko ditu dendak, itzultzeko arrazoia produktuak zuen akatsen bat baldin bada.
10. Asko irauten duten produktuek ere, esate baterako etxetresna elektrikoek, bi urtetako bermea izango dute estatu mailako garantien lege berriaren arabera baina lehen sei hilabetean dendariak frogatu behar du produktuak duen akatsa ez dela fabrikazio akats bat. Behin sei hilabete hauek igaro ondoren, kontsumitzailea izango da akatsa ez dela saldu ondoren sortutakoa frogatu beharko duena.
11. Bermea eskatu beharko bagenu, oso garrantzitsua da faktura edo tiketa gordetzea, produktua noiz erosi dugun erakutsi ahal izateko. Egia esan, daukagun dokumentazio guztia gordetzea komeni zaigu: publizitatea, albaranak, dendak ematen badigu berme komertziala,… hau da, epeak, produktuaren ezaugarriak, dendariarekin izandako akordioak etabar froga bezala erakutsi ahal izateko balio duen guztia.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jo ezazue: Eusko Jaurlaritzako Kontsumo Zuzendaritzara, Industria, Merkataritza eta Turismo Lurralde Bulegoetara, Kontsumitzaileen Informaziorako Udal-Bulegoetara (KIUB), Kontsumitzaileen elkarteetara, bai galde ezazu Kontsumitzaileei Arreta egiteko 900 600 500 dohaineko telefonora, bai kontsultatu kontsumoren web orria.
|