|
Zentzugabekeria juridikoa den Lehendakariaren auziperatzean sakondu dute, Fernando Ruiz Piñeiro eta Antonio Garcia epaile-magistratuek ez dute onartu Lehendakariaren defentsa juridikoak eskatu zien errekusazioa eta auzia epaitzeko gaitzat jo dute bere burua, nahiz auzian parte izan. Epaile-magistratuek hartutako erabaki honen ondoren, errekusazioaren probak aztertu eta oraindik izendatu gabe dagoen Areto berri batek erabaki beharko du errekusazioa eta erabaki horren gainean ez da errekurtso aukerarik izango.
Fernando Ruiz Piñeiro jaunak errekusazio arrazoiak ukatu ditu kontraesanez betetako argudioak erabiliz, Ruiz Piñeirok dio berak "ez duela inoiz auzi honen funtsari buruzko iritzi publikorik eman, ez duela eman nahi izan, ezta zeharka ere". Errealitatea egoskorra da eta kontrakoa erakusten du, behin baino gehiagotan Epaitegi Nagusiko buruak bere iritzia eman du buruzagi politikoen epaitzeari buruz, iritzi artikuluak argitaratu ditu gai honi buruzkoak eta polemika publikoa izan zuen Jaurlaritzaren Bozeramaile honekin Lehendakariaren ordezkaritza juridikoak aurkeztu zituen eskabideen gainean, orain epaitu nahi duen auzi honekin lotutako eskabideak, bestalde.
Antonio Garcia Martinez epaile-magistratuak oraindik aurrerago jo du eta ez bakarrik kontraesanez betetako argudioekin ukatu ditu errekusazio arrazoiak, hortik aurrera bere kontrako errekusazioa aurkeztu duten aldeei erantzun die esanez hitzez hitz "inpartzialitate judiziala ezin dutela zalantzan jarri errekusazioa aurkeztu dutenek epai-mahaitik beraien gustukoak ziren erantzun judizialak ez jaso izanagatik". Honen aurrean, gogora ekarri nahi dugu epaile batek ezin duela zalantzan jarri inongo eskubide demokratikorik, eta epaile inpartziala izateko eskubidea funtsezko eskubide demokratikoa da. Epaile-magistratuak eman duen erantzun horrek berak erakusten du epaile hori parte dela epaitu nahi duen auzian.
Antonio Garcia jaunaren kontraesana are eta ageriagokoa da kontuan hartzen badugu joan den azaroaren 20an berak bere burua Lehendakariaren kontra aurkeztutako salaketa baten epaitik kanpo jarri zuela, erabakian abstenituz, gai horri buruzko bere iritzia azaldu izanagatik, nahiz hori elkarte profesional baten bozeramaile gisa egin izan. Eta, orduan, Ruiz Piñeiro buru duen Areto honek hauxe erabaki zuen: " epaileek erreserba osoa zor dute eta ezin dute iritzirik aurreratu eurek epaitu ditzaketen auziei buruz". Epaile-magistratu honek, Antonio Garcia jaunak, Auzitegi Gorenak antzeko kausa baten epaiak Lehendakariaren auziperatzearengan izan dezakeen eraginari buruzko iritzi eta usteak eman ditu hedabideetan, eta hori publiko eta ezaguna da.
Horrexegatik, eta errekusazio eskaeran egindako arrazoietan oinarrituta, uste dugu bi epaile hauek ezin dutela kasu hau epaitu. Lehendakariaren kontrako auzi hau inoiz gertatu behar ez zuen zentzugabekeria juridiko eta politikoa da eta bertan behera utzi beharko litzateke berandu baino lehen.
Ertzaintzaren aurkako erasoa Hernanin
Eusko Jaurlaritzak gogor gaitzetsi nahi du joan den asteburuan Ertzaintzaren patruila batek Hernanin jasandako erasoa.
Kale borrokako talde antolatuek kalte larriak eragin zituzten Hernanin, autobusak erre, alderdien egoitzei eraso eta ez bakarrik hori, Ertzaintzaren kontrako zelata prestatu zuten patruila bati koktel molotovekin erasoz. Gertatutakoaren larritasuna salatu nahi dugu, Errenterian eta Portugaleten gertatutakoa gogoan baitugu.
Ez da lehen aldia horrelakoak eragiten direla eta honek berak erakusten du baten batzuk indarkeria, beldurra eta txantajea besterik ez dutela. Horientzat konponbide demokratikoa beraiek bezala pentsatzen ez dutenei erasotzea da, eta hori ez da ez konponbidea eta ezta demokratikoa ere.
Honen aurrean, Jaurlaritzak bere babesa eta elkartasuna adierazi nahi dio Ertzaintzari eta ertzain guztiei eta herritarren segurtasunaren alde egiten duten lana eskertu.
|