Azken eguneratzea: 2011/05/13

Behar-beharrezkoak lemapean aurkezten da Plazandreok udal eta foru hauteskundeetara

Plazandreok“Feminismoa behar beharrezkoa dugulako. Jende askok berdintasuna lortu dugula pentsatzen badu ere, emakumeek gure bizitzako arlo guztietan diskriminazioa jasaten jarraitzen dugulako”. Hauek dira Plazandreok plataforma, elkarte eta alderdi politiko feministaren  Donostiako Udal hauteskundeetara aurkezteko arrazoiak. Juana Aranguren izango da Donostiako Udaletxerako zerrendaburua eta Axun Urbieta Gipuzkoako Foru Aldundirako.
Demokrazia parte hartzailea defendatuz, emakumeen ahotsa politikara barneratzeko asmoa dute. “Guretzat, politika, komunitatearen arazoak kudeatzeko ardura da eta hauek dira gure helburuak: geure buruak ordezkatuz, politikan parte hartzea, arazo pribatuak publiko bihurtzea eta gizarteari politika egiteko gure modu berezia ekartzea”.
Bere hauteskunde programan pertsona guztien berdintasuna lortzeko eta beren bizi kalitatea hobetzeko neurriak aipatzen dira, eta hauek dira bere asmoak: indarkeria matxista desagertzeko konpromiso handiagoa; berdintasun legeak betearaztea; gizonek etxeko eta zaintzako lanetan parte-hartze handiagoa izatea; amatasun eta aitatasun baimen berak eta transferiezinak; emakumeen bazterkeria sozial eta prekarietate  ekonomikoa ezabatzea; Emakumeen Etxea betiko Vila Soroan kokatzea, behar bezalako aurrekontua eta pertsonez hornituz, tresna eraginkorra izan dadin.