Azken eguneratzea: 2013/01/10

Ekipamendu berriari esker Arabako Errioxako meteorologia ezagutza osatu egingo da

Euskalmetek estazio meteorologiko berria jarri du martxan Moredan (Araba)

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren mendeko Euskal Meteorologia Agentziak, Euskalmetek, estazio meteorologiko berria du, hain zuzen ere Moreda udalerrian, Arabako Errioxan.

Haizeari, airearen tenperaturari, hezetasun erlatiboari edota euriari lotutako sentsoreak ditu Moredako estazio berriak, eta laster eguzki erradiaziori buruzko informazioa ere eskainiko du.

Euskalmeten ekipamendu berria Moredan dago, edateko urak tratatzeko udal estazioan, Moredako Udalak eskainitako lankidetzari esker.

Euskal Meteorologia Agentziako iturriek adierazi dutenez, meteorologiari dagokionez Arabako Errioxa ekialdean eta hegoaldean gertatuko den guztiari buruzko intereseko informazioa eskainiko du Moredako estazioak, eta hala, osatu egingo da Ebroaldea deitutako eremuko (Arabako Errioxa, Zanbrana eta Lantaroneko udalerriak, besteak beste) estazio meteorologikoen sarea.

Ebroaldeak meteorologia jokamolde berezia du: nabarmen lehorragoa eta beroagoa da Arabako Lautada, Mendialdea eta lurraldeko haranen eremukoarekin alderatuta. Moredako estazio meteorologiko berriari esker, dagoeneko hiru estazio daude martxan Ebroaldeko eremuan; beste biak Páganos eta Zanbranan daude.

Moredako estazio berriak lortutako datuak dagoeneko eskuragarri daude, denbora errealean, Euskalmeten webgunean (www.euskalmet.euskadi.net).

98 estazio

Moredako (Araba) ekipamendua kontuan hartuta, EAEn orotara 98 estazio hidro-meteorologiko daude, erkidego osoan banatuta. Guztiak elkarri konektatuta daude denbora errealean, eta datuak dagoeneko eskuragarri daude, bai Euskalmeteko teknikarientzat, bai gainerako erakundeentzat eta gizartearentzat, oro har.

Datuak denbora errealean jasotzen dira (10 minuturo), eta eskuragarri daude edozein erabiltzailerentzat zein Segurtasun Saileko teknikari eta arduradunentzat; horri esker, babes zibilarekin edota errepideak zaintzearekin lotutako erakundeek erabakiak modu eraginkorragoan hartu ahalko dituzte, egoera zailak gertatuz gero (uholdeak, suteak basoetan, ekaitzak edo haize bolada gogorrak, elurteak).

Horrez gain, estazioak eskainiko duen informazioa baliagarria izango da nekazaritza sektorerako eta, bereziki, mahastizaintza eta ardogintzako sektorerako.