Azken eguneratzea: 2013/03/05

Nola lortu azoka batean zure markari buruz mintza daitezen?

ETEek galdetzen dute merezi ote duen azoka eta ekitaldietara joatea, gaur egun gastu orok itzulkina eduki behar izanda.

Marketing4food

 

Azoketako ROIa (inbertsioaren itzulkina) azoka horietan sortzen den negozio-bolumenarekin neur daiteke, harreman berrien edo eskaera berrien bitartez. Marka askok, ordea, ahaztu egiten dute nabarmentasunaren eta irudiaren itzulkina.

Eva Castro Roman komunikazioan eta elikagaien sektoreko marken posizionamenduan aditua da, oinarrizko kazetaria, eta hamalau urtetik gorako esperientzia du estrategiak zehazten eta garatzen; eta hainbat trikimailu iradoki ditu marka nabariagoa izan dadin. “Ongi dago pixka bat arriskatzea, azoka batean sona edukitzeko. Inbertsioa garrantzitsua da horrelako ekitaldietan, baina batzuetan, irudimenarekin eta estrategiarekin emaitza handiak lor daitezke markaren ospeari eta diferentziazioari dagokienez”, adierazi du Castro Romanek.

 

 

1. Azokarako produktu berezia sortu

Ona izaten da azokarako produktu berezi bat edo edizio mugatuko bat egitea. Originala bada, aukera gehiago edukiko ditu, besteak beste, hedabideek arreta eskain diezaioten. Produktu horiek ez dituzte sekulako salmentak edukiko, baina atentzioa emango dute azokan.

2. Zure espazioa sortu kazetari-aretoan

Medioek areto bat edukitzen dute lanerako eta hamaiketako txiki bat egiteko. Baimena eskatuta, zure produktua jar dezakezu bertan, ondo ikusteko moduko marka-irudiarekin, azokan nabarmendu nahi duzun produktuaren prentsa-oharraren ondoan. Gogoan izan, gainera, prentsa-oharrak harremanetarako telefono-zenbaki bat eduki behar duela, kazetariak in situ aurki zaitzan, azokak iraun bitartean.

3. Azokako komunikazio-zuzendariari zure nobedadeen berri eman

Azoka baino astebete lehenago, azoketako prentsa-departamenduek prentsa-ohar bat bidali ohi dute hedabideetara, nobedadeen berri emateko eta bitxiena erakusteko, kazetarien atentzioa erakartzeko. Horregatik, garrantzitsua da zure produktua prentsa-ohar horretan sartzea, kazetari askok erreferentzia moduan hartuko baitute.

4. Mezua duen erakusmahaia sortu

Erakusmahai txikia edota modularra edukitzea ez da aitzakia azoka batean nabarmentzeko aukera alferrik galtzeko. Beti ez da beharrezkoa izango, baina batzuetan, bitxia gerta daiteke binilo sinple batean jarritako mezu zehatz bat, eta azokara joaten den jendea gugan fijatzea eragin dezake.

5. Ikusmina sortu azoka baino lehen

Modu asko daude egungo bezeroak, bezero potentzialak edo kazetariak zure erakusmahaira erakartzeko. Gutun formal bat bidal daiteke, aurki zaitzaten datuak emanez, edo gonbidapen bat (paperean edo digitala), erakusmahaira inguratzeko eskatuz eta, adibidez, produktuaren lagin bat jasoko dutela esanez.

6. Zure erakusmahaian gauzak gerta daitezen eragin

Ahal den neurrian erakusmahaian aktibitatea edukitzeak beti bihurtzen du hori erakargarriago. Adibidez, ideia ona da blogarientzat produktuaren dastatze bat egitea, euren blogean aipa gaitzaten ere lortzeko.