Azken eguneratzea: 2012/02/27

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko otsailaren 2ko 1/2012 Legea.

Legeak Lehiaren Euskal Agintaritza sortu du. Erakunde horrek, jarduerak hastean, bere baitan hartuko ditu Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegia eta Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzua.

Legeak bost kapitulu ditu: xedapen orokorrak; antolaketa; agintaritzaren jarduera gardena; ekonomia-, kontabilitate-, kontrol-, kontratazio-, langileria- eta ondare-araubidea; eta beste xedapen batzuk, hitzarmenei, jurisdikzio-organoekiko lankidetzari, sektoreetako arautzaileekiko lankidetzari, laguntzeko betebeharrari, datuak isilpean gorde beharrari eta ikuskatzeko ahalmenei buruzkoak.

Lehenengo kapituluak, xedapen orokorrei buruzkoak, Lehiaren Euskal Agintaritzaren izaera juridikoa arautzen du. Zehazki, agintaritza Administrazioko erakunde autonomoa izango da, ekonomia-politikaren eta lehiaren defentsaren ardura duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikia, eta berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izango ditu, dagozkion eginkizunak betetzeko. Halaber, agintaritzaren helburuak, eskumenak eta egintzen araubide juridikoa arautzen dira, bere ebazpen eta egintzen aurkako errekurtsoen araubidea barne. Eskumenen artean, lehiaren aurkako jokabideak zehatzeaz eta lehia sustatzeaz gain -berau lehiaren defentsaren funtsezko osagaia da, eta ekonomia-politikako tresna moderno eta eraginkorra bihurtu da-, beste bat ere emango zaio, 15/2007 Legearen ildoarekin bat: eskumena duen jurisdikzioan aurkatzea administrazio-zuzenbideari loturik dauden Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen (erkidegoko, foru- eta toki-administrazioak) egintzak eta legea baino beheragoko xedapen orokorrak -foru-arau fiskalak izan ezik, Konstituzio Auzitegiaren eta Botere Judizialaren lege organikoak aldatzen dituen otsailaren 19ko 1/2010 Lege Organikoari jarraiki-, horien bidez merkatuetako lehia bideragarriari oztopoak jartzen baldin bazaizkio.

Bigarren kapituluak, Lehiaren Euskal Agintaritzaren antolaketa arautzen duenak, lau organoko egitura ezartzen du: lehendakaria -Lehiaren Euskal Agintaritza zuzendu eta ordezkatzeko eginkizunak betetzen dituen pertsona bakarreko organoa, Lehiaren Euskal Kontseiluko burua ere badena-; Lehiaren Euskal Kontseilua -sustatu, ebatzi eta irizpenak emateko kide anitzeko organoa, lehendakariak, bi kontseilukidek, eta idazkari orokor batek osatua (ahotsa bai, baina botorik ez du izango idazkariak)-; Ikerketa Zuzendaritza -instrukzioa egiteko eginkizunak ditu-, eta Idazkaritza Nagusia, erakundeari laguntza material, administratibo eta teknikoa nahiz aholkularitza juridikoa emateko.

Erabakiak hartzeko orduan beregaintasunez aritzeko berme gisa, lehendakaria eta Lehiaren Euskal Kontseiluko kideak sei urterako izendatuko dituzte, eta berriz hartu ahal izango dute kargua -agintaldia, beraz, legegintzaldia baino luzeagoa izango da-. Eusko Jaurlaritzak izendatuko ditu, ekonomia-politikaren eta lehia defendatzearen ardura duen sailburuak proposatuta, eta legean bertan zehazturiko arrazoiengatik bakarrik utziko dituzte karguak.

Hirugarren kapituluak, Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduera gardenari buruzkoak, eginkizun hauek ezartzen ditu: emandako ebazpenak argitaratzea, urteko jarduera-oroitidazkia prestatzea, eta Eusko Legebiltzarrari informazioa ematea.

Laugarren kapituluak ekonomia-, kontabilitate-, kontrol-, kontratazio-, langileria- eta ondare-araubidea ezartzen du, herri-erakunde autonomoak gidatzen dituzten printzipioei jarraiki.

Bosgarren kapituluak arlo hauek arautzen ditu: Lehiaren Euskal Agintaritzak edozein erakunde publiko edo pribaturekin hitzarmenak sinatzeko ahalmena; jurisdikzio-organoekiko lankidetza, lehia murrizten duten jokabideei buruzko araudia aplikatzearekin zerikusia duten gaien inguruan, eta horrez gain, arautzaile sektorialekiko lankidetza, interes komuneko gaietan; pertsona fisiko edo juridiko orok agintaritzari laguntzeko betebeharra; zehapen-espedienteak hasi, horien instrukzioa egin eta ebaztean parte hartu duten pertsona guztiek datuak isilpean gorde beharra; eta Ikerketako zuzendariak beharrezko baimena emanda, Lehiaren Euskal Agintaritzako langileek ikuskatzeko dituzten ahalmenak.

Azkenik, xedapen gehigarriek, iragankorrak eta azken xedapenak lege honen arauak indarrean jartzeko bideak ezartzen dituzte. Izan ere, legeak ezartzen du Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduerak noiz hasi Eusko Jaurlaritzak erabakiko duela, agintaritzaren jardunerako barne-erregelamendua onartu ostean. Halaber, ezartzen da Lehiaren Euskal Agintaritzak Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuaren titularitatekoak diren eskubide eta betebeharrak eskuratuko dituela. Bi horiek desagertu egingo dira, Lehiaren Euskal Agintaritza lanean hastearekin batera.

EHAArako esteka