Ikea, Suediako altzari dendaren inaugurazio ekitaldian, Lehendakaria pozik azaldu zen "munduko altzari dendarik handienak munduko herri zaharrenetariko bat aukeratu izanagatik".
Euskadira, Barakaldora, alegia, etortzeak argi uzten du Lehendakariaren ustetan, "Euskadi gero eta erakargarriagoa dela". "Guretzat ohore bat da Ikea bezalako enpresa lider bat Euskadira etortzea. Horrek esan nahi du gugan konfidantza duzuela" adierazi zuen Ibarretxek eta "hemendik aurrera, beraz, guretzat Ikea enpresa euskalduna izango dela" gaineratu zuen. Lehendakariak adierazitakoaren arabera, "Ikea Euskadin egoteak aktibo bat izan beharko luke munduan gure burua aurkezteko unean".
Enpresa txiki eta handien arteko lehiaz ere mintzatu zen eta ez duela zertan arazo izan azaldu zuen, "enpresa txikiak eta handiak elkarrekin bizi eta lan egin behar dute elkarlanerako aliantza bat eginez" azpimarratuz.
Inaugurazio ekitaldian izan ziren besteak beste, Paulino Luesma, Espainiako Gobernu Ordezkaria, Andre de Wit, Ikea Ibericako arduraduna eta Lars Grun, Suediako enbaxadorea.
Barakaldoko denda egiteko 60 milioi euro inbertitu eta 500 lanpostu sortu ditu enpresak. Barakaldokoa, Ikeako munduko 203. denda da dagoeneko.