|
" Mirariak esistitzen badira, miraria da internet garai betean ezagutzen ez zen oroimena erreskatatu ahal izatea".
Juan José Ibarretxe Lehendakariak hitz hauekin hartu zuen mirari horietako bat: Lazarragaren eskuizkribuaren faksimile bat, euskarak Araban garai hartan zuen errotzea erakusten duen XVI. mendeko idazkia.
Joxe Joan Gonzalez de Txabarri, Gipuzkoako Diputatu Nagusiak eman eskura testua Arabako Zalduendo herrian, Larreako dorretxetik hamar kilometrotara , Juan Pérez de Lazarragak 1564 eta 1567 bitartean eskuizkribua idatzi zuen tokia, hain zuzen.
Ordudanik, testuak istorio erabat ezezaguna bizi izan du , Borja de Aguinagalde, Eusko Jaurlaritzaren Dokumental Ondarearen arduradunak Madrilgo antikuari denda batean aurkitu zuen arte. Orain dela urte bete eskuratu zuen Gipuzkoako Diputazioak 66.000 eurotan, adituek "linguistikari zein literaturari dagokionez, hamarkadaotako aurkikuntza filologikorik haundiena" jotzen dutena.
González de Txabarrik Lehendakariari eman zion alea testua ezagutzera eman eta "euskaldun guiztien" eskura jartzeko asmoz argitaratutako Lazarragaren 500 faksimiletako bat da. Liburua hartzean Juan José Ibarretxe Lehendakariak "Euskal Herria terminoa agertzen duen lehen idatzizko testua" dela eta egileak "hunkipenez" aipatzen duela esan zuen.
Lazarragaren eskuizkribuaren edukia ere azpimarragarria da, izan ere euskaraz idatzitako bertso, kantu eta amodio istorio sorta baita.Eta baita mitologia kontakizun bat ere, garai hartako euskal literaturan gauza ez hain arrunta, erlijio gaietako testuak bait ziren nagusi.
Arabako euskara bazegoela egiaztatzeaz gain, idazkiak garai hartako usadio eta ohiturei buruz informazio baliotsua eta XVI. mendeko euskarari buruzko datu filologiko estimagaitzak eskaintzen ditu. Dokumentuak dauzkan 102 orrialdeek urteetako lana emango die ikertzaileei.
|