Azken eguneratzea: 2005/10/19
Euskal Energia Estrategiaren barruan kokatzen den proeiktu sendoa da
Boroako Zentralak segurtasun eta hornikuntza elektrikoaren kalitatea hobetzen duela dio Lehendakariak

Juan José Ibarretxe Lehendakariak  Boroako Ziko Konbinatuko zentralaren inaugurazio ekitaldian baieztatu zuenez, ziklo konbinatuak eraikitzea bat dator euskal Estrategia Energetikoarekin, besteak beste "gas naturala erregai fosil garbiena delako, horrelako zentraletan gas naturala erabiltzea energia elektrikoa sortzeko erarik eraginkorrena delako eta ekoizpen zentroak kontsumo guneetara hurbiltzeak horniketaren segurtasuna areagotu eta sare elektrikoari zama kentzen diolako, sare horren garraio galerak ere gutxituz".

Lehendakariak azpimarratu zuenez, Eusko Jaurlaritzak urteak daramatza Estrategia Energetikoan jasotako jardunbideen bitartez  elektrizitate eskaintza eta  eskaera orekatzearen alde egiten, Euskadi bere kontsumoaz ardura dadin.

Ibarretxek adierazi zuenez, estrategia hau energiaren garapen iraunkorraren sustapenean kokatzen da eta bi zutabe nagusi ditu: energia aurreztea bultzatzea eta bertako baliabide berriztagarriak ahalik eta gehien erabiltzea eta energia garbiagoak erabiltzea.

"Gas Central baten funtzionamendu ordu batek Ikatz Zentral baten bi funtzionamendu ordu ordezkatzen ditu, askoz ere eraginkorragoak baitira eta Ikatz Zentral baten aldean C02  isurketen herena baino ez dute isurtzen ekoiztutako energia unitateko" esan zuen.
 
Lehendakariak baieztatu zuen ziklo konbinatuak bultzatuta ez ditugula energia berriztagarriak " alde batera uzten". Energia berriztagarriek Jaurlaritzarentzat "lehentasun osoa" dutela baieztatu zuen eta Eusko Jaurlaritza "gogotik ahaleginduko da horiek bultzatzen, beti ingurune naturala errespetatuta" gaineratu zuen.
 
Halaber, Lehendakariak gogorazi zuenez,  Bizkaia Energiaren planta hau 2003tik hona Euskadin martxan jartzen den hirugarrena da eta "hiru parke eoliko ere martxan ditugu (laugarrena probatzen ari dira egun hauetan), eta gero eta kogenerazio ahalmen handiagoa daukagu" .
 
2000. urtean Euskadik behar zuen elektrizitatearen %27 besterik  ekoiztu ez bazuen ere, 2006rako kopuru  hori %75eraino igotzea espero dugu. Bide onean gaude eskaintza eta eskaera elektrikoak 2010erako orekatzeko helburu estrategikoa lortzeko" esan zuen.
 
Zentral hau abian jartzeak Kiotoko helburuak lortzen lagunduko duela baieztatu zuen Lehendakariak. "Izan ere, inportazioak murriztuta, galarazi egiten baita elektrizitatea Estatuko merkatuko beste zentral kutsagarriago batzuetan ekoiztea" erantsi zuen.

Azken finean Lehendakariarentzat Bizkaia Energiaren zentrala    Euskal Estrategia Energetikoaren barruan dagoen proiektu sendoa da, elektrizitate horniduraren segurtasuna eta kalitatea areagotu eta sareko galerak murrizten ditu, lehia areagotzen du sektorean, operadore berriak sartuta; hobetu egiten du gas kutsagarrien emisioei buruzko Euskadiren ingurugiro balantzea, gas hornidura alternatiboak bultzatzen ditu, azpiegitura energetikoen (gasa eta elektrizitatea) erabilera hobetzen du,enplegua sortzen du inguruan,jarduera ekonomikoa sortzen du tokian bertan eta Euskadin eta euskal enpresen alorrean nazioarteko enpresa fidagarriak sartzen ditu.