|
| Ibarretxek Thubten Wangchen Tibeteko 'kata'ri, adeitasunaren eta errespetuaren ikurrari harrera egin dio |
"Dalai Lama ematen ari den irakaspena, Olinpiar Jokoetara joanda eta Txinari begirunea adierazita, irakaskuntza aparta da Euskadirentzat eta ETArentzat, "behin betiko biolentzia baztertzeko", azpimarratu du.
Ekitaldi horren ostean, komunikabideen aurrean egindako agerraldian, Lehendakariak Euskadiren begirunea agertu du Tibeteko nortasunarekiko eta "giza eskubideen aldeko adeitasunezko zein erabat borroka baketsuarekin" bat egin du. "Ez zaizue inoiz Euskadiren elkartasuna eta laguntza desinteresatua falta izango, Tibeteko nortasuna defendatzeko orduan", adierazi du.
Elkarrizketa eta negoziaketa gatazkak konpontzeko
Ibarretxek azpimarratu du Tibetek emandako bigarren irakaskuntza elkarrizketaren eta negoziaketaren beharra dela gatazkak konpontzeko asmoz. Halaber, "Dalai Lamak Txinari errespetua agertzen dion moduan, nik ere Espainia erabat errespetatzen dut", esan du Lehendakariak eta, bere ustez, "guztiz beharrezkoa da Espainiak euskal nortasunarekiko begirunea adieraztea aurrera egiteko, eta hortik, negoziatzea".
Ildo horretan, Lehendakariak behin eta berriz bere eskua luzatu dio Zapatero presidenteari Euskadiren etorkizunari buruzko negoziaketari hasiera emateko asmoz eta, "egunak aurrera joan ahala aukera galtzen dugu akordioak lortzeko eta bidean aurrera egiteko irtenbideen bila", bere ustez.
Azkenik, Ibarretxek esan du ez duela ulertzen "herri handiek Tibet edo Euskadi bezalako herri txikiak, xume eta baketsuengandik beldurra izatea".
Bestalde, Tibeteko nortasunarekiko "sinpatia" eskertu ostean, Thubten Wangchen Bartzelonan Tibeteko Etxearen zuzendariaren arabera, "gezurra ematen du XXI. mendean, Tibetek tortura, genozidioa, errepresioa eta hilketak jasan behar izatea eta, mundua isilik jarraitzea giza eskubideak baztertuta, 'Made in China' merkatu boteretsuagatik". "Merkatua garrantzitsua da, baina ezin dugu gizakiaren balorea ahaztu, gizon-emakume guztiok zoriontsu izan nahi dugulako, aske eta bakean bizitzeko", goraipatu du.
Ia 50 urteko Txinako inbasioa dela eta, Tibeteko gatazka gogorarazi ostean, ordezkari tibetarrak adierazi du azken gatazka larriek balio izan dutela munduak ezagun dezan egun herri honek bizi duen egoera eta; halaber, Olinpiar Jokoak baino lehen Txinako gobernuaren ordezkariek Dalai Lamari harrera egitea negoziatzeko irtenbide bakarra dela esan du eta, azkenik, biztanleriari dei egiteari beharrezkoa iritzi dio lasaitasuna izateko, bere buru espirituala egiten ari den bezala.
|