iLab-en jatorria, edo partaidetzako berrikuntza-laborategi bat lankidetzan diseinatzeko erronkari heltzeko modua

Azken hamarkadetan ugaritu egin dira Euskadiko erakunde publikoek parte hartzeko mekanismoak garatzearen alde egiten ari diren ahaleginak.

iLabaren jatorria

Aurrerapauso handienak politika publikoak diseinatzeko, planifikatzeko, monitorizatzeko eta ebaluatzeko parte-hartzean eman dira, eta horren adibide dira, besteak beste, Euskadiko Demokraziari eta Herritarren Partaidetzari buruzko Liburu Zuria egiteko prozesua, EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak berrikusteko prozesua eta EAEko hainbat udalerritan egindako aurrekontu parte-hartzaileak.

Aurrerapauso handiak egin badira ere, erakunde publikoek sustatu dituzten partaidetza-mekanismoak ez dira beti gai izan herritarren zati esanguratsu bat modu jarraituan eta gogobetegarrian mobilizatzeko. Herritarrengan neke- eta eszeptizismo-zantzuak sumatzen hasiak gara, administrazioek sustatutako partaidetza-prozesuei dagokienez (partaidetza-prozesu gehiegi, helburuak oso argi ez egotea, eragiteko gaitasun txikia, bikoiztasunak ereduetan...).

Zantzu horiek argi eta garbi erakusten dute beharrezkoa dela gehien erabiltzen diren kanalak, metodoak eta tresnak birpentsatzea, baina baita ere beharrezkoa dela administrazioen eta herritarren arteko mesfidantzaz betetako harremanak gainditzea, parte-hartzearen garrantziaz sentsibilizatzea eta parte-hartzea sustatzen lagunduko duten partaidetza jardunbide egokiak ezagutzera ematea.

Parte-hartze prozesu ugari dago, baina eraginkorragoak izan behar dute eta emaitzetara bideratuta egon behar dira. Horri dagokionez, Euskadiko Demokraziari eta Herritarren Partaidetzari buruzko Liburu Zuriak hiru parte-hartze mota identifikatzen ditu: politikak eta programak diseinatzeko eta ebaluatzeko parte-hartze politikoa (herritarrek eraginkortasun politikoan esku hartzen duten eragile gisa jarduten dute); zerbitzu publikoak diseinatzeko eta ebaluatzeko parte-hartzea (herritarrek zerbitzu publikoen erabiltzaile gisa jarduten dute); lankidetzazko parte-hartzea (herritarrek balio publikoaren sortzaile gisa jarduten dute eta gehitzeko asmoz egiten da elkarlana). Hiru eremu publiko eta pribatu horietan lankidetzazko jardunbide berritzaileak sustatzea da helburua (parte-hartze politikoan, zerbitzu publikoak hobetzeko parte-hartzean, lankidetzazko parte-hartzean), askotariko sentsibilitateak eta ikuspegiak txertatzeko ahalegina eginez.

Hausnarketa horren emaitza gisa, eta testuinguru horretan, Euskadik OGP Gobernu Irekirako Nazioarteko Aliantzaren (Open Government Partnership-OGP) kide izateko prozesuari ekin zion 2018an. OGP nazioarteko erakunde bat da, eta herritarrekin irekiagoak, arduratsuagoak eta sentikorragoak diren gobernuak sustatzeko mekanismoak ebaluatu eta garatzea du helburu. Herrialdeek ekintza plan bat prestatuz egiten dute bat OGPrekin, eta plan hori gizarte zibilaren elkarlanarekin garatzen da. Ekintza plan horiek herrialdeek OGPrekin bat egitean agertzen duten borondate politikoa ekintza zehatzetara eramaten dute. Ekintza plan bakoitzak berariazko konpromisoak ditu gardentasuna handitzearen, kontu ematearen eta herritarrek gobernuan parte hartzearen arloetan.

Hautagaitza elkarrekin aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Gasteizko, Donostiako eta Bilboko Udalek, eta Innobasque - Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Matia Fundazioak, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) eta Zuzenbide Kolaboratiboko Euskadiko Elkarteak babestu zuten.

Horrela, Euskadi 2018an hautatu zuten Gobernu Irekirako Aliantzaren (OGP) Tokiko Gobernuen programan parte hartuko zuten 5 gobernuen artean eta, horren emaitza gisa, Euskadin OGPren parte diren 8 erakundeek (Eusko Jaurlaritza, hiru Foru Aldundiak, hiru hiriburuetako Udalak eta  Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak) Ekintza Plan bat adostu zuten eta haren arabera, besteak beste, partaidetza arloko berrikuntzarako laborategi bat diseinatzeko erronka hartu zuten bere gain.

2018-2020 aldian zehar laborategia elkarrekin diseinatzeko prozesu bat egin genuen, hainbat erakundetako eragileren, adituren eta erakunde zibikoren parte hartzearekin. 2018ko udazkenean 3. Konpromisoaren lantaldea eratu zen: 30 pertsona, eragile eta erakundek osatutako taldeak bere ikuspegia eman du eta herritarren partaidetzarako etorkizuneko i-lab-aren oinarriak ezarri ditu.

3 Konpromisoko taldeak bere gain hartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoan berrikuntza publikoa sustatzeko erreferentziazko foro egonkor bat diseinatzeko eta abian jartzeko erronka; lankidetza prozesuan 5 urte jardun ondoren, abian jarri da iLab | Euskadiko Partaidetzako Berrikuntza Gunea. Lankidetza prozesuaren emaitzak ikusteko, jo Kontzeptualizazio Dokumentura.

iLab-ek Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren parte-hartzearen arloko berrikuntza publikoa sustatzeko erreferentziazko foro egonkor bat izateko xedea du, euskal administrazio guztientzat eta gizarte-sarearentzat, eta jardunbide egokiak orokortzeko balioko du. Kezkak trukatzeko eta elkarlanerako leku bat izan nahi du, lagundu egingo duena kanal, metodo eta eredu berriak testatzen, tresna-kutxak garatzen, ahaleginak metatzen eta koordinatzen, gobernantza eredu berriak esperimentatzeko arriskuarekiko beldurra minimizatzen, eta arlo publikoaren eta pribatuaren arteko gobernu oneko lankidetzaren birtualtasunak ereduz adierazten.

Une honetan, i-lab lehen fasean dago, ezarpen fasean, eta erronka bat du: garatutako eredu kontzeptual osoari ekitearen konplexutasunari heltzea. Hori dela eta, ezarpenaren lehen fasearekin hastea planteatzen da, saiakuntza gisa balio dezan, eta apustu hain berritzaile honen oztopoak zehazten eta gainditzen lagundu dezan. Ezarpenaren lehen fase horrek, gainera, zorrotza izan behar du euskal administrazioen eta herritar antolatuen eta antolatu gabeen artean lankidetzan egindako ereduari dagokionez, OGP Euskadiren 2018-2020 Ekintza Planaren 3. konpromisoaren esparruan. Zehazki, honako hauek dira datozen urteetan jorratuko diren alderdiak:

  1. Askotariko eragileek osatutako eta sarean antolatutako komunitate bat sortzea
  2. Gobernantza eredua martxan jartzea
  3. Abiarazten diren ekintzen bidez balioa eta inpaktua sortzea: prospekzioa, esperimentazioa, transferentzia.

2023an eta 2024an zehar, hainbat deialdi egingo dira, hainbat partaidetza-gune irekiko dira eta esperimentazioari eta transferentziari laguntzeko zerbitzuak eskainiko dira. Horrez gain, partaidetzaren eremuko enpresentzako homologazio-irizpide batzuk zehazten hasi nahi dugu.

iLab | Euskadiko Partaidetzako Berrikuntza Gunearen aurrerapausoen berri izan nahi baduzu, HARPIDETU NEWSLETTERRERA