UNESCOk Quebeken burutzen ari den mundu ondareko batzordearen 32. Konferentzian Altxerri, Ekain eta Santimamiñe leizeak gizateriaren ondare izendatu zituen
 

Horren haritik, Eusko Jaurlaritzak zorionak eman nahi dizkio euskal gizarteari izendapen honengatik.

Labarretako artea duten hiru leize hauek gizateriaren ondare ditugu. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek duela bi urte ekin genion xede horretara iristeko bideari. Ondoren Eusko Jaurlaritzak, Kantabria eta Asturiasko gobernu autonomoekin batera orain arte Altamirako (Kantabria) aztarnategiak zeukan Gizateriaren Ondare izendapena Kantauri isurialdeko aztarnategietara zabaltzera landu genuen, betiere UNESCOren egungo filosofiari jarraiki: Gizateriaren Ondare izendatutako elementuak bere eremuan kokatzea eta kontuan izanda paleolito garaiko labar artea duten leize hauek kultura beraren adibide direla. Joan den udan, UNESCOren aditu den Jean Clottes-ek Euskal Herriko hiru leize horiek eta Kantauri isurialdeko labarretako artearen santutegiak ikuskatu zituen, aldeko txosten bat egiteko gisan, Gizateriaren Ondare izendapena merezi ahal izateko. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak, eta Kantabria eta Asturiasko exekutiboek sustatutako proposamena kontuan hartua izan da.

Quebek-eko bileran parte izan den Eusko Jaurlaritzaren eta euskal erakundeen ordezkaritzak, Gurutz Larrañaga, Kultura Sailburuordea buru duena, atzo izendapen honen garrantzia azpimarratu zuen, kultur elementu hauei dagokien garrantzia aitortzen zaielako.

Gizateriaren izendapen honek eta gizateriaren ondare gisa aitortu izanak, Altxerri, Ekain eta Santimamiñe munduko plazan jartzen ditu kultura eta turismo aldetik. Eta hauen babesa eta zabalpenean aurrera segitzera behartzen gaitu. Horrela gertatu zen duela bi urte Portugalete eta Getxo lotzen dituen Bizkaia Zubiarekin, Gizateriaren Ondare izendapena izan zuen lehenbiziko euskal monumentuarekin.

Nahiz eta Santimamiñe, Ekain eta Altxerriko leizeak jendearentzako itxita egon margoen babes eta kontserbazio neurriak direla eta, Bizkaiko Foru Aldundiak sustaturik, Santimamiñen bisita birtuala egiteko aukera dago iazko udaberritik. Eta Ekain-en kasuan, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, azken ukituak ematen ari dira Ekain-Berriren erreplika, jatorrizko kobazulotik oso gertu, laster publikoarentzat zabalik egon dadin.

Zorionak beraz, euskal gizarteari.


 

Lehendakaritza