|
Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalaren notifikazioa jaso zuen atzo Eusko Legebiltzarrak pasa den ekainak 27an onartutako legearen aurka espainiar Gobernuaren Presidenteak suspentsioa eskatuz inskonstituzionaltasun errekurtsoa tramitera hartzea onartu duela iragarriz.
Jakina denez, Rodríguez Zapatero jaunak eskatzeagatik bakarrik, Auzitegi Konstituzionalak errekurtsoa onartzeak legearen e automatikoa dakar eta notifikazioaren arabera suspentsio horrek eragina du uztailaren 15az geroztik.
Beraz, euskal herritarrei kontsultatzeko Legebiltzarrak hartutako legezko erabaki, legitimo eta demokratikoa gaur etenda uztearen erantzule bakarra Rodríguez Zapatero da. Eta honek gure autogobernu politikoa, Gernikako Estatutuak biltzen duen autogobernua funtsean bertan behera gelditzea dakar.
Jaurlaritzak jasotako probidentzietan, Auzitegi Konstituzionalak abuztua gaitzea onartu du Estatuko Abokatutzaren eskaria onartuz, auzi honetan jarduteko legitimitatea duten aldeei audientziarik eman gabe. Egitez, Jaurlaritza ez da oraindik auzi honetan aurkeztu ere egin.
Gobernu honek bizkor jokatu dezan eskatu dio Auzitegi Konstituzionalari, baina benetako babes judizialaren eskubidearen jarduera erabatekoa ezin da aurrera eraman aldeen jarduera berdintasuna murriztuz.
Zalantzarik gabe, bigarren mailako gaia da. Dena den auzi honen prozedura jurisdikzionalaren garapenari Auzitegi Konstituzionalak nola ekiten dion aurrekari ez dadila izan espero du Jaurlaritzak.
Auzitegi Konstituzionalak gai hau lantzerakoan, itxuraz behintzat hartu duen lastertasunak kontrastatu egiten du instantzia honek berak Lehendakariak duela ia bi urte bere prozesamendu penalarekin lotuta aurkeztu zuen anparo errekurtsoarekin izan duen luzapen justifika ezinarekin. Bistan denez, Lehendakariaren kontrako auzia inkonstituzionala da, "iruzur konstituzionala" Auzitegi Gorenak berak zioen moduan Rodríguez Zapatero Presidente espainiarrari eragiten zion antzeko kasu batean.
Ez aipatze arren- beste hainbaten artean- Eusko Legebiltzarrak onartutako Kirolaren Legearen aurka Aznarren Gobernuak aurkeztutako helegitea Auzitegi Konstituzionalak erabaki gabe daramatzan 10 urte luzeak.
Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak iragarri nahi du, legalki dagokion bezala, Auzitegi Konstituzionalak zabaldutako prozeduran agertuko dela eta berak ezarritako 15 eguneko epearen barruan aurkeztuko dituela bere alegazioak. Datorren astearteko Gobernu Kontseilua zentzu honetan erabakiak hartzen hasiko da.
Auzitegi Konstituzionalak ondorengo dilema izango du: oinarrizko eskubideen babeserako bere ibilbidea ilundurik gera daiteke euskal hiritarren parte hartze politikoaren oinarrizko eskubidea murrizteagatik.
Nolanahi ere, jakina da Espainiako Justizia Administrazioaren narriadura, desgobernua eta desprestigioa, beste arrazoien artean, Estatuko PSOE eta PP bi alderdi handien aldetik izan duen politizazioaren ondorio dela, nahiz kasu batzuetan subjektu aktibo ere izan den.
Adibide gisa Auzitegi Konstituzionala bera osaketari dagokionez zein egoeratan dagoen ikustea besterik ez dago. Izan ere, bere agintaldia soberan gainditu du, honela berau arautzen duen lege organikoa bera urratuz -Autonomia Erkidegoen proposamenez kideetakoren baten designazioari buruz legeak agindutakoarekin ere gertatzen den moduan.
Narriadura hori konpontzeko , desgobernu eta desprestigio hori konpontzeko, beti ohi den bezala, biren arteko, PSOE eta PPren arteko Justiziari buruzko paktu berri bat iragarri digute, hain zuzen, aurki izango den Rodríguez Zapatero eta Rajoy-ren arteko bileran landuko dena.
Eusko Jaurlaritzak espero du, edozein demokratak esperoko lukeen bezala, Auzitegi Konstituzionalak oinarrizko eskubideak jarri ditzala eskubideen murrizketaren aurretik, arrazoi juridikoa arrazoi politikoaren aurretik eta arrazoi demokratikoa "Estatu arrazoi"-aren aurretik.
|