Azken eguneratzea: 2012/07/19

Gaztelania-Euskara itzultzaile automatikoaren arrakasta

Otsailaren 28an aurkeztu zuen jendaurrean Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa. Ikusmin handia piztu zuen eta zalantza bat baino gehiago zegoen haren funtzionamenduan, baina orain arteko datuei erreparatuz gero, itzultzailea arrakastatsua izaten ari da: otsailetik maiatzaren bukaerara bitartean 912.305 dokumentu eta 61.131.205 esaldi itzuli dira.

Itzultzaile automatikoaren logoa.

Aurkezpen-egunean behin eta berriz aipatu zenez, itzultzaile automatikoa laguntza-tresna da eta behar bezala erabili behar da: "Hasieran akatsak eman ditzake, baina erabili ahala, akats horiek zuzenduz joango dira eta bere kalitatea gero eta handiagoa izango da", azaldu zuten arduradunek.

Itzultzaile automatikoaren bidea, baina, ez da hemen amaitzen. Orain, itzultzailea smartphone eta tabletetan erabiltzeko prestatzen ari dira. Etorkizun hurbilari begira, berriz, Itzulpen memorien Banku Publikoa garatzen ari da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, eta aurreikuspenak betetzen badira, urte amaiera aldera martxan izan daiteke. Banku horrekin bat eginez, itzultzaile automatikoa hobetuko litzateke; sisteman itzuli beharreko testu bat sartutakoan, lehenengo eta behin, itzulpen-memorietan bilatuko luke eta, aurkitzen ez duena, itzultzaile automatikotik pasako luke.