Azken eguneratzea: 2013/03/13

Hiztegi batuaren azken bertsioa jarri du Euskaltzaindiak sarean

Euskaltzaindiaren eta UZEI Terminologia eta Lexikografiahiztegia Zentroaren arteko aspaldiko elkarlana lankidetza-hitzarmen baten bitartez ofizial bihurtzeaz gain, Hiztegi Batuaren azken bertsioa sarera igo du Euskaltzaindiak.

Hitzarmenak jasotakoaren arabera, bi erakundeek XX. mendeko Euskararen Corpus Estatistikoa, Hiztegi Batu Oinarriduna, Lexikoaren Behatokia eta Hiztegi Batuko lantaldean jarraituko dute aurrerantzean elkarlanean.

Lankidetzaren horren emaitza da sarean jarri berri duten Hiztegi Batuaren azken bertsioa, bigarren itzuliari dagokiona. Erabiltzaileen esku jarri dira euskaltzaindia.net webgunean, Euskaltzaindiak arautu dituen 42.942 formak daude: 36.845 hiztegi-sarrera eta 6.097 azpisarrera.

Hiztegi Batuaren paperezko azken edizioa 2010. urtean argitaratu zen. Une horretan, Hiztegi Batuaren bigarren itzulia egiten ari zen Akademia, eta, aldiro-aldiro, onartu ahala, bigarren itzuli horren hitz-zerrendak txertatzen zituen Hiztegi Batuan. Orain, bigarren itzulia amaitu da eta 2010etik hona, 2.763 sarrera eta 508 azpisarrera gehiago eskaintzen ditu azken bertsioak.