Elhuyarrek eta Laneki Elkarteak Lanbide Heziketaren hiztegia osatu dute

Orain arte euskarak Lanbide Heziketan izan duen hutsunea betetzea da proiektuaren helburua.

Elhuyarrek eta Laneki, Lanbide Heziketa Sustatu eta Hobetzeko Elkarteak, elkarlanean, Lanbide Heziketarako lehenengo hiztegia osatu eta Interneten erabiltzaileen eskura jarri dute. Hiztegiaren izena Laneki: Lanbide Heziketarako Hiztegia da eta Lanbide Heziketarako eta arlo tekniko eta profesionaletarako osatu den euskarazko lehen online hiztegia da. Hiztegiarekin euskarak Lanbide Heziketan orain arte izan duen hutsunea bete nahi dute.

Hiztegiak, guztira, lan munduko 5.641 kontzeptu bildu ditu. Laneki tresna Elhuyarrek garatu du Itzulterm zerbitzuaren bidez eta gaztelaniatik euskararako itzulpen gehienak automatikoki egin dira. Hiztegiak Creative Commons lizentzia erabili du.

Proiektu honetan herritarren parte-hartzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute sortzaileek, izan ere, materialak osatzeko erabiltzaileen ekarpenak beharrezkoak dira. Proiektuak Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara eta Kultura Departamentuaren babesa du.

Hiztegia 2001 urtean abian jarri zen Lanbide Ekimena proiektuaren baitan txertatzen da. Lanbide Ekimenaren helburua: Lanbide Heziketarako materialak euskaratu eta erabiltzaileen eskura jartzea, Interneten, formatu elektronikoan.

Azken eguneratzea: 2010/10/29