Zaramaga auzoko etxebizitza-bloke baten birgaitze osoari esker, energiaren % 70 aurreztu dezakete bizilagunek
2015.eko urriak 21
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Angel Toñak Zaramaga auzoko etxebizitza-bloke bat bisitatu du, Gasteizen, horren birgaitzeari esker jabeek % 70 aurreztu ahal izango baitute berokuntzaren eta etxeko ur beroaren gastuan.
Euskadiko bizitegi-parkearen % 42 1961koa baino lehenagokoa da. Gasteizen guztira eraikita dauden 116.000 etxebizitzetatik 60.000 1980koak baino lehenagokoak dira; hau da, ia etxebizitzen erdiak eraikinen baldintza termikoak zuzentzen dituen araudia (NBE-CT-79) indarrean jarri aurretik eraiki zituzten, horrenbestez, horietako askok ez dituzte eraginkortasun energetikoko gutxieneko irizpideak betetzen. Halaber, etxebizitzen beste gabezia handi bat irisgarritasun eskasa da, bloke gehienetan ez baitago igogailurik.
Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez, eraikinak berritu ditzaten bultzatzen du; hala bada, laguntza-lerro batzuk ditu horretarako etxeetan birgaitze- eta irisgarritasun-lanak egin nahi dituzten bizilagunen erkidego eta partikularrentzat (Renove Plana).
Aukera hori dela eta, Zaramagako Biasteri-Arabar Errioxako Taldearen kaleko etxebizitza-blokeko 2, 4 eta 6 atarietako 30 jabeek errehabilitazio osoko proiektu handinahia abian jartzea erabaki zuten 2011n, eta lau urte geroago (2015eko irailean) gauzatuta dago jada Enplegu eta Gizarte politiketako Saila sustatzaileen ekinari eta Visesaren, Gasteizko Udalaren eta Europako PIMES proiektuaren (EBko Esparru Programaren CONCERTO VII ekimena) finantza-laguntzari esker. Aipatutako etxebizitza-blokea gaur bisitatu dute Angel Toña Sailburuak, Covadonga Solaguren Etxebizitzako Sailburuordeak eta Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak.
Ahalik eta energia gehien aurreztea lortzeko eraikinaren inguratzailea guztiz berritu beharra izan dute, fatxada orain arte isolamendurik gabeko bistako adreiluz eginda baitzegoen. Eraikinaren babes txiki horren ondorioz, kondentsazio-arazoak zeuden etengabe, eta barneko giroak kalitate eskasa zuen. “Instalazio termikoak indibidualak ziren, eta, bizilagun batetik bestera nabarmen aldatu arren, eraginkortasun txikia eta energia-kontsumo handia zuten, oro har” azaldu du sailburuak. Horrez gain, egindako lanei esker bizilagunek berokuntzan eta etxeko ur beroan gutxi gorabehera % 70 aurreztuko dutela ere esan du. Proiektuak ziurtapen energetikoa nabarmen hobetzea ere ekarri du, E klasetik A klasera, hain zuzen.
Aireztapen mekanikoko sistema bat ere ezarri dute beroa berreskuratzeko, eta instalazio termikoak hobetu dituzte kondentsazio-galdarak jarrita. Halaber, 3,6 kW-ko instalazio fotovoltaiko ere egin dute, eta horren ekoizpena barneko kontsumora bideratuko da, erkidegoaren kontsumo elektrikoa murrizteko. Instalazio horren bidez elektrizitatea are gehiago aurreztuko du erkidegoak, eta aireztapen- eta argiztapen-kontsumoak estaliko ditu neurri handi batean.
Etxebizitzen barnealdean pasilloetako sabaiak beheratu dituzte bulkatzeko eta ateratzeko zirkuituak ezartzeko.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz Zaramagan egindako esku-hartzea «eredugarria izan da, jarritako helburu energetikoengatik zein bizilagunek lanen fase guztietan emandako laguntzagatik».
Europako PIME proiektuen barruan eraikin erakusgarria izendatu dute Biasteri-Arabar Errioxako Taldearen kaleko etxebizitza-blokearen birgaitzea.