Eusko Jaurlaritzak osasun-arlotik kanpoko espazio publiko batzuetan desfibriladoreak jartzea onartu du

Iturria: Irekia - Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

2015.eko Urtarrilak 27

Gobernu-kontseiluak kanpo desfibriladore automatikoak eta erdiautomatikoak instalatzeko eta erabiltzeko dekretu bat onartu du gaur, eta osasun-arlotik kanpoko zenbait espazio publikotan instalatzeko beharra ezarri du. 

Gobernu-kontseiluaren osteko prentsa-aurrekoan, Jon Darpón osasuneko sailburuak azaldu du desfibriladoreen eskuragarritasunak pertsonen bizitzeko aukerak handitzen ditu, bihotza eta arnasa geratzen bazaizkie. Horregatik, gobernuak pertsona ugari biltzen dituzten lekuetan desfribiladoreak instalatzeko beharra ezarri du. Besteak beste, honako hauek nabarmendu ditu: saltoki handiak, aireportuak eta jende kopuru handiak hartzen dituzten estazioak, aisialdirako instalazioak eta 2.000 pertsonentzako lekua duten ikastetxeak.

Berritasun moduan, sailburuak adierazi du baimendutako kanpo desfibriladoreen Euskadiko erregistroa sortuko duela, gailuen kontrola eta egoera ona errazteko. Jon Darpónek azaldu duenez, Euskadin erregistratutako 550 desfibriladore daude, baina araudi berriari esker litekeena da kopurua bikoiztea. 

Gaur goizeko gobernu-kontseiluan bestelako gaiak ere jorratu dituzte. Josu Erkoreka bozeramaileak azaldu du Jaurlaritzak arrisku-egoera berezian dauden (errenta-mailatik behera) eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako diru-laguntzak onartu dituela. Diru-laguntzak 2.556 eta 10.224 euro artekoak izango dira, kasuan kasuko emakumearen egoera gorabehera.

Bestalde, Sibán enpresak Zierbenako fabrika utzi eta Kantabriara joateko hartu duen erabakiari buruz, Eusko Jaurlaritzak adierazi du enpresa ez dela inoiz gobernuarekin harremanetan jarri, ez erabakiaren berri emateko, ez Euskadin jarraitzeko mekanismoak aztertzeko. Erkorekak azaldu duenez, enpresak inbertsioa, nazioartekotzea, berrikuntza eta garapena bultzatzeko laguntza-programetan hartu du parte 12 urtez. Eusko Jaurlaritzak egoera aztertuko du eta enpresak jaso dituen laguntzak aztertuko ditu, baldintzen arabera, erabaki egokia hartzeko.

Kazetariek egindako galderei erantzutean, bozeramaileak alderdi politikoak animatu ditu euskal autogobernuari buruzko proposamenak abian den Legebiltzarreko ponentziara aurkezteko.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki nagusiak (2015.01.27)