Euskadi eta Katalunia euren gastronomia sustatzen ari dira Bartzelonan elkarrekin showroom bat eginez

Pedro Subijana eta Nandu Jubany

2014.eko Ekainak 26

Pedro Subijana eta Nandu Jubany, ‘showroom’ bateko protagonistak 35 euskal eta katalan enpresa baino gehiagoren ‘gourmet’ produktuekin.

Euskal-Katalan produktua sustatzeko ekitaldia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburua den Arantza Tapiak eta Kataluniako Generalitateko Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen kontseilaria den Josep Maria Pelegrik presiditu dute.

Eusko Jaurlaritzak eta Generalitateak indarrak batu dituzte, ostegun honetan Euskadiko eta Kataluniako elikadura eta edarien 35 enpresa baino gehiagoren gourmet produktuak sustatzeko. Casa Llotja de Mar (Bartzelona) egoitzan elkarrekin egindako showroom batean, eta Euskadi-Katalunia Elikagaiak eta Edariak Bat Eginda izenburuarekin, 24 euskal enpresak beren produktua erakutsi dute, eta txakolin, ardo, sagardo, kontserba, gazta, haragi eta abarren dastaketak eskaini dituzte. Edarien atalean, Arabako Errioxako Solaguen, Gomez de Segura eta Pagos de Leza upategiek parte hartu dute, Iturrialde, Arzabro eta Akarregui Txiki txakolin jatorri izendapenekoek, eta Sagarkide bezalako sagardo Eusko Labeldunek. Zubeltzu, Barrenetxe, Agiña, Ortiz eta Ibarlur etxeek ere euren produkturik onenak zerbitzatu dituzte (kontserbak), Lumagorrik eta Harakaik (haragia), Artzai Gaztak (Idiazabal jatorri izendapena), eta produktu ekologikoen ordezkaritza zabal batek.

Ekintza hau Euskadiko ekoizle profesionalak babesteko eta sustatzeko Eusko Jaurlaritzako estrategiaren barruan kokatzen da, eta helburua da banatzeko eta merkaturatzeko kanalak irekitzea eta zabaltzea.

Katalanen aldetik, 12 markak bertako produktuen dastaketak eskaini dituzte, horien artean, olioa, ardoa, cava, lekak, olibak, perretxikoak edo carquiñoliak. Besteak bestea, enpresa hauek izan dira bertan: Molí d’Oli Gasull, Dama d’Elaia, Urdet, Blai Peris, Bonans, Olis Solé, Cooperativa St Isidre eta Bodega El Grial. Bertaratutako publikoa gehienbat errestaurazioaren eta banaketaren sektoreetako profesionalak izan dira, eta produktuak dastatu eta egiteko prozesuak ezagutu ahal izan dituzte. 

Showroomean zehar, Pedro Subijana euskal chefak (hiru Michelin izar) eta Nandu Jubany katalanak (Michelin izar bat) showcooking bat protagonizatu dute euskal eta katalan produktuekin, hurrenez hurren. Jubanyk steak tartar bat prestatu du, tenperatura baxuko arrautzak eta katalan kremaren aparra, eta Subijanak, berriz, antxoak gatzetan eta txipiroi konfitatuak eta saltsatan estaliak.

Adiskidetze gastronomikoa

Eusko Jaurlaritzak sustatu du ekitaldian, nekazaritzako elikadurako euskal eta katalan produktuak adiskidetzeko moduan, eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburua den Arantza Tapia eta Kataluniako Generalitateko Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen kontseilaria den Josep Maria Pelegri.

Euskadi-Katalunia Elikagaiak eta Edariak Bat Eginda Eusko Jaurlaritzaren ekimen bat da, HAZIren (Landa, itsas eta elikagaien garapenerako fundazioa) eta Kataluniako Generalitatearen laguntza duena, Kataluniako Generalitateko Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza eta Ingurune Naturaleko Departamentuari atxikita dagoen PRODECAren bitartez (Promotora d’Exportacions Catalanes). Ekimenak bi exekutiboek joan den martxoan izenpetu zuten hitzarmenaren esparruaren barruan diseinatutako ekintzetako bati erantzuten dio, bertako produktua sustatzeko helburuarekin.

Ostegun honetan egindako showroomarekin batera, kalitateko euskal produktuei ere presentzia nabarmena izango dute Bartzelonako Illa Diagonal merkataritza zentroko Caprabo supermerkatuan, ekainaren 26tik uztailaren 7ra; bertan, Euskadiko kalitatezko produktuen 100 erreferentzia baino gehiago aurkitu ahal izango dira.