Argitalpen-data: 2013/04/10

Atez ateko zabor bilketa sistema eta datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea

Datuak Babesteko Euskal Bulegoa.

Atez ate zabor bilketa sistemek pertsonen pribatutasunean duten eragina

Datuak Babesteko Euskal Bulegoak irizpen (pdf, 35 Kb) bat egin du herritar batek eskatuta, atez ate deritzon zabor bilketa sistema eta datuak babesteko oinarrizko eskubidea ea bateragarriak diren ebazteko.

Kontsultak esaten duenez, Gipuzkoako zenbait udalerritan atez ate deritzen zabor bilketa sistemak garatzen ari dira; eta sistema horien arabera, udal administrazioak behartzen ditu herritarrak etxeko hondakinak hondakin motaka sailkatuta uztera, egun eta ordu jakinetan eta etxebizitza bakoitzarentzat ezarritako leku jakin eta identifikatuan. Gainera, udal administrazioak ikuskatzeko eskumena du.

Kontsulta egin duen herritarrak galdetu du ea hondakinak biltzeko sistema hori eta datu babesari buruz indarrean dagoen araudia bateragarriak diren, kontuan hartuz gero, hondakinen artean informazio pertsonala egon daitekeela (argazkiak, bankuko laburpenak, botikak, mediku errezetak, erosketen ordainagiriak, aseguruenak, eta era guztietako dokumentazio pertsonala).

Kontsultan galdetzen dena da ea administrazioak duen herritarrek hondakinak uzteko esleituta duten tokian lagatzen duten informazio pertsonalaren segurtasunaren eta erabileraren gaineko ardura.

Auzia aztertu eta gero, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak honako ondorioak atera ditu:

Batetik, Bulegoaren ustez, aztertzen ari garen kontua ez dela datu pertsonalen tratamendu bat, udal eskumen batez baliatzea baizik, hau da, Toki Araubidearen Oinarriak ezartzen dituen Legeak hondakinak biltzeko eta tratatzeko udalei esleitzen dien eskumenaz baliatzea.

Bigarrenik, nahiz eta hori hala izan, ezin da ukatu hondakinak uzteko prestatutako tokietan uzten diren hondakinek informazio pertsonal garrantzitsua izaten dutela.

Horregatik guztiagatik, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak irizpenean adierazi du komenigarria izango litzatekeela toki erakundeek pertsonen pribatutasuna errespetatzen duen hondakinak kudeatzeko sistema bat ezartzea. Hori dela eta, gomendatzen du toki erakundeek datu pertsonalak dituzten hondakinak tratatzeko berariazko sistemak jaso beharko dituztela ordenantzetan, hau da, prozesu osoa aurreikusten dutenak, biltzen direnetik suntsitzen diren arte, legediak eskaintzen dituen tresnak edo neurriak erabiliz.

Gomendio honen asmoa da pertsonen datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea zaintzea, eta atez ate hondakinak biltzeko sistemaren kudeaketak ahalik eta kalterik txikiena egitea eskubideari.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoa prest dago toki erakundeei laguntzeko eta aholkua emateko, erakundeek hartzen dituzten neurriak egokiak diren aztertuz, herritarren pribatutasuna babesteko.

Atez ate hondakinak biltzeko sistemari buruzko kontsulta baten gaineko irizpena (pdf, 35 Kb)