Auñamendi Eusko Entziklopediaren gaineko elkarlanari buruzko hitzarmena
Iturria: Irekia - Eusko Jaurlaritza
2012(e)ko Apirilak 25
Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Ikaskuntzak lankidetza-hitzarmena sinatu dute 2012-2015 epealdian Auñamendi Entziklopedia osatzeko
Apirilaren 25ean, asteazkenez, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgell eta Eusko Ikaskuntzako presidente Jose Maria Muñoak 2012-2015 epealdian AUÑAMENDI EUSKO ENTZIKLOPEDIA garatzeko bi instituzioen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Gasteizen.
Obra itzel honen lehen liburukia 1969an argitaratu zen, Estornes familiaren ekimenez. 1996an Auñamendi Argitaletxeak eta Eusko Ikaskuntzak Entziklopedia osoa digitalizatu, katalogatu eta sarean jartzeko akordio bat sinatu zuten, eguneratzeari (dagoeneko euskarri digitalean) ekin aurretiko urrats modura. 2001az geroztik Euskadi eta Nafarroako Aurrezki Kutxen Federazioa eta Eusko Jaurlaritza hura mantentzeko eginahalean murgildu ziren. 2007an sortu zen egungo AUÑAMENDI EUSKO ENTZIKLOPEDIA (AEE). Hala, beste urrats garrantzitsu bat gauzatu zen euskal kultura eta gizarteari buruzko erreferentzia ukaezintzat hartu behar den obra areagotu, eguneratu eta sozializatzeari dagokionez.
AEEk 150.000 artikulu eta 60.000 irudi baino gehiago ditu. Horrela, Baskoniari buruzko zientzia-lan orokor garrantzitsuena da, ezagutza eguneratua baitaratzen duena diziplina anitzetan. 2011n zehar, milioi eta erdi baino gehiago izan ziren kontsultatutako orriak.
Eusko Ikaskuntzak aditu eta kolaboratzailez osatutako sare zabala du asmo handiko obra hau gauzatzeko. Iñaki Martinez de Lunaren zuzendaritzapean, eremu bakoitzeko arduradunek edukien berrikuspen, ezabatze, eguneratze, sortze eta itzulpenak planifikatzen dituzte, edukien kalitatezko estandarrak mantenduz.
Plataforma teknologikoaz Eusko Ikaskuntzaren Euskomedia Fundazioa arduratzen da.
Garapen horretan aurrera egiteko, nagusiki, 2015. urtera bitartean Gizarte-zientzia eta Giza Zientzien alorreko lau eremutan sortuko dira edukiak:
- Antropologia, Etnologia, Folklorea
- Artea
- Historia
- Literatura
Datorren hirurtekoari so, hauek dira AEEren helburu zehatzak:
- Euskarazko edukien sorrerari lehentasuna ematea
- Proiektua giza lankidetzara zabaltzea, jasotako ekarpenen egokitasuna eta kalitatea bermatzeko beharrezko mekanismoak finkatuz.
- Beste organismo eta entitate batzuekin sinergiak bultzatzea, lan berdina bitan egitea ekidin eta emaitzak optimizatze aldera.
- Proiektua eta hartako edukiak gizarteratu eta hedatzea, balizko erabiltzaile eta kolaboratzaileek ezagut ditzaten.
- Sarbide ireki eta doakoa baimentzea: 2012ko urtarrilaz geroztik artikulu guztiak Creative Commons lizentziarekin argitaratzen dira.
Asteazken honetan sinatutako hitzarmenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak 500.000 euroko ekarpena egingo du (125.000 euro urtean). Eusko Ikaskuntza izango da kopuru horren hartzailea eta 2012-2015 epealdian Entziklopediako edukiak zuzendu, osatu, eguneratu eta itzultzeko baliatuko du.
http://www.euskomedia.org/aunamendi