Azken eguneratzea: 2010/11/23
Saskibaloi partidetako animatzaileen espedientea era guztitako ikuskizunak programatzeko iradokizunarekin itxi zen
Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Defentsoriak Saskibaloi partiduetan aritzen diren emakume animatzaileen inguruko espedientea 2009ko azaroan jasotako salaketa baten ondorioz ireki zuen. Salaketa honi beste hamar kexa gehitu zaizkio ordutik hona, denak saskibaloi partiduetan neskak dantzan irtetean, kirolean sexuaren araberako diskriminazioa egon daitekeela argudiatuz.
Salaketa eta kexa hauen ondorioz, Emakundek eskutitzak bidali zizkien EAEko hiri saskibaloi taldeei (Saski Baskonia, Gipuzkoa Basket eta Bilbao Basket). Eskutitz hauetan kexen inguruko informazioa eskaintzeaz gain iradokizun bat egiten zien: era guztietako ikuskizunak programatzeko eta kontuan izan zezaten emakume eta gizonen presentziaren oreka euren kultur eskaintzan. Gutun hauen bidalketarekin itxita geratu zen espediente hau.
Emakundek gutun hauetan klubeko arduradunei esaten zien ikuskizunak era guztietakoak izan beharko luketela: haurrentzako ikuskizunak eta baita emakume eta gizon helduentzakoak ere, eta ez zela bidezkoa ikusleen sektore bati bakarrik zuzendutako ikuskizunek pisu handiagoa izatea euren eskaintzan, hala nola, cheerleader-ena, izan ere, hauek gizonen artean harrera hobeagoa izaten baitute.
Gutunak argitzen zuen Emakunderen asmoa ez dela cheerleader-en taldeak saskibaloi kantxetatik kanporatzea, baizik eta kontuan izatea zer esaten duten genero berdintasunarekin zerikusia duten legeek, (hala nola Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Lege Organikoak “Aginteek eskaintza artistiko eta kulturalean emakume eta gizonen presentzia orekatua sustatuko dute” eta Eusko Legebiltzarrak 2005ean onartutako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legeak, “Administrazio publikoek Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren ekintza kulturaletan emakume eta gizonen parte hartze orekatua sustatzeko neurriak hartuko dituzte”).
Legeak kontuan izanda, eta saskibaloi partiduetara hurbiltzen den ikusleen dibertsitatea kontuan izanik, Emakundek programatzen dituzten ekintza kulturaletan emakume eta gizonen parte hartze orekatua sustatzeko iradokizuna egin zien klubei, eta gutunetan esaten zienez, arreta berezia eduki beharko lukete partidak ikustera joaten diren haur eta gaztetxoekin, eurentzat zuzenduta dauden ikuskizunek baloretan hezi behar dituztelako, eta balore hauen artean genero berdintasunarena ere kontuan izan behar delako.