Ertzaintzaren uniforme berriak aurkeztu dituzte

Ertzaintzaren uniforme berriak aurkeztu dituzte

2010(e)ko Ekainak 23

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, Rodolfo Aresek, aurrerantzean Ertzaintzako agenteek lanean erabiliko dituzten uniforme berriak aurkeztu ditu Erandioko ertzain-etxean. Rafael Iturriaga (Segurtasun sailburuordea) eta Ernesto Martínez de la Hidalga (Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordea) ere aurkezpenean izan dira. Aresek jantzi berrien ezaugarriak erakutsi ditu, lehengoak baino seguruagoak eta erosoagoak direla nabarmenduz. 

Hauek izango dira ertzainen uniforme berria osatuko duten arropak: jertse berri bat eta lanerako praka pare bat (suaren aurkakoa); jaka bat eta jantzi polar bat, biak oso erabilgarriak; suaren kontrako lan-jantzi bat, oraingoak baino babes handiagoa eskaintzen duena; bururako janzki berri bat, zapata eta bota berriak eta euriarengandik babesteko ekipamendua. Era berean, polizia uniformeetan ezinbestekoak diren beste gehigarri batzuk (gerrikoa, pistolarentzako zorroa, e.a.) ere izango ditu.

Aldaketa guzti hauekin arropen eraginkortasun eta segurtasun maila handiagoak lortu dira, ertzainak erosoago sentitzea ahalbidetzen duten heinean. Hiritarren segurtasunerako agenteek  nabarituko dituzte bereziki aipatutako berrikuntzen onurak 'lanerako' uniformeetan ezarri baitira aldaketa gehien.

Azken urteotan ehungintzan egindako hainbat aurrerapen tekniko (uraren eta suaren aurkako materialei dagozkienak, batez ere) erabili dira uniforme berrietan. Ertzainen ordezkariek hartu dute parte jantzien aukeraketan. 

Hemendik aurrera, balen kontrako txalekoa uniforme ofizialarekin batera emango zaie agenteei. Horrela, ez dute segurtasun elementu hau beren kabuz eskuratu eta trukean diru ordaina eskatu beharko. Gainera, txalekoei aldizka azterketak egingo zaizkie babes maila egokiak mantentzen dituztela ziurtatzeko.

Uniformeetan jartzen diren bereizgarriak ere aldatu egingo dira. Maila eta kategoria bakoitza errazago identifikatzea ahalbidetuko duten ikurrak izango dituzte arropa berriek.