Azken eguneratzea: 2014/01/31

SEPA (Eurotan Ordaintzeko Eremu Bakarra): Zer eragin du kontsumitzaileengan?

Kontsumobidek azaltzen dizkizu sistema honen berritasunak eta horien eragina zure banku-operazioetan.

Sarrera

Europar Batasuneko herrialde askotan txanpon bakarra ezartzeko jaio zen euroa (estatu mailako txanponak ordezkatuz), eta bere abiarazteak izugarri erraztu du dirutan ordainketak egitea. Hala ere, dirutan egiten ez diren ordainketei erreparatuz, EBko herrialdeek sistema ezberdinak mantentzen jarraitu dute. Hori dela eta, ekonomia eta txanponaren integrazio osorako eta EBn Merkatu Bakarraren gauzapenerako aurrerapen egokia eragotzi dute sistema ezberdin horiek. Kontsumitzaileek ere ordainketa sistema bakarreko gabeziaren ondorioak pairatu dituzte, mugaz haraindiko operazioak egiterakoan zehatuak izan baitira.

SEPA egoera honi aurre egiteko helburuarekin jaio da.

Zer da SEPA?

Eurotan Ordaintzeko Eremu Bakarra (Single Euro Payments Area, SEPA) pertsonak, enpresak eta bestelako ekonomia-eragileei eurotan ordainketak egin eta jasotzeko aukera ematen dien ekimena da. Ordainketa horiek oinarrizko baldintza berdinetan eta eskubide berdinekin egin daitezke, kokapena edozein dela ere eta ordainketak mugaz haraindikoak diren edo ez kontuan hartu gabe.

Zeintzuk dira SEPAren abantailak?

SEPArekin harmonizatutako sistema bat ezartzen da Europan banku-operazioen bitartez egiten diren ordainketetan. Horrela, nazioarteko ordainketak egiteko harresiak desagertzen dira eta, ondorioz, segurtasun, erraztasun eta eraginkortasun handiagoa lortzen da eremu honetan. Horiek denak Merkatu Bakarra gauzatzearen intereserako izango da eta, hortaz, enpresen, administrazio publikoen… eta kontsumitzaileen intereserako ere bai.

Zein herrialdek osatzen dute SEPA eremua?

SEPA eremuan 33 herrialde daude: EB-ko herrialde guztiak, baita Norbegia, Suitza, Liechtenstein, Islandia eta Monako ere.

Noiz jarriko da indarrean SEPA?

2014ko otsailaren 1az geroztik Estatuko eta eurogunearen gainerako herrialdeetako transferentzia eta helbideratze oro SEPAren tresna berriek ordezkatuko dituzte.

Zeintzuk dira SEPAren ordainketa tresnak?

SEPA hiru ordainketa tresnatan oinarritzen da:

  • SEPA transferentziak (lehengo transferentzia nazionalak ordezkatzen dituzte).
  • Banku txartelak: ordainketa txartel berriak, EMV txipa eta PIN zenbakiarekin, operazioak baimentzeko sinadura ordezkatuz.
  • SEPA zordunketa zuzenak (lehengo ordainagirien helbideratzeak ordezkatzen dituzte).

Zer eragin du SEPAk kontsumitzaileengan?

Hauek dira, banku-zerbitzuen erabiltzailea zaren heinean, ezagutu behar dituzun berritasun nagusiak:

  1. 2014ko otsailaren 1etik aurrera europar estandarra bakarrik erabili ahal izango da transferentziak eta helbideratzeak egiteko.
  2. Kontu bakarrarekin Estatuan zein SEPA eremuko gainerako herrialdeetan egiten diren ordainketa eta kobratze guztiak kudeatu ditzakezu.
  3. Banku kontuak nazioarteko IBAN kodearekin identifikatuko dira (ohiko CCC kodea ordezkatuz). IBAN kodea banku entitateak ematen du hainbat bitartekoren bidez: kontu korrontearen laburpenak, banka elektronikoaren aplikazioak, libretak, etab. IBAN kodea zure banku entitatean kontsultatu dezakezu edo SEPAren webgunean eskuragarri duzun 'Konbertsio taula' erabili (zure banku kontuaren zenbaki zaharra sartuz kode berria eskuratzeko).
  4. Egikaritze epeak, balio-data eta funtsen erabilgarritasuna arautzen dira. Operazioak betetzeko gehienezko epea egun baliodunekoa da.
  5. Mugaz haraindiko ordainketen komisioak, zenbatekoa edozein dela ere, estatu mailako operazioen berdinak dira.
  6. SEPA zordunketak seguruagoak eta eraginkorragoak dira:
    • 13 hilabeteko epea duzu okerrak diren edo baimendu ez dituzun operazioen zuzenketa eskatzeko.
    • Baimendutako ordainagirien kasuan, 8 asteko epea duzu horiek itzultzeko, beti ere baimentzerakoan zenbatekoa zehaztu ez denean eta zenbateko hori zuzentasunez espero genuena baino handiagoa denean.
    • Entitateak zordunketak itzultzeko edo itzultzea ez onartzeko epea 10 egun baliodunetakoa da

Zalantzarik izatekotan, hobe duzu zure banku entitateari galdetzea.

Hala ere, SEPAri buruzko informazio gehiago aurkitu dezakezu webgune hauetan:

 

Loturak

SEPAren ataria (Eurotan Ordaintzeko Eremu Bakarra)

Date cuenta (Iturria: Espainiako Bankua)

2012ko martxoaren 14ko 260/2012 (EB) Erregelamendua.