Azken eguneratzea: 2011/06/24

Euskara ikasteko Uda Barnetegietan izena emateko deia egin dute Eusko Jaurlaritzak, HABEk eta Euskaltegiek

Uda Barnetegiak oporretan zabalik lemapean Uda Barnetegietako matrikulazio kanpaina aurkeztu dute eta egitasmoaren inguruko datuak eman dituzte. Datorren udan barnetegietako ikasle kopurua handitzea da helburua.

Uda Barnetegietan izena emateko matrikulazio kanpaina aurkeztu eta egitasmoaren inguruko informazioa eman du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik gaur Zornotzako Barnetegian egin den prentsaurrekoan. Auzmendirekin batera izan dira HABEko zuzendari Iñaki Uribe eta Zornotzako Barnetegiko zuzendari Maribi Zubiaga ere. Euskara ikasteko Uda Barnetegietan izena emateko dei egin dute guztiek. Izan ere, barnetegi horiek euskara praktikatzeko sortu ziren, bereiziki ikasturtean zehar euskaltegietan ikasten ari zirenentzat. Eta horrexek jarraitzen du izaten helburu nagusia. Euskara ikasi nahi duten askok, ez daukate euskara erabili eta praktikatzeko aukerarik euren ingurune hurbilean. Beraz, Uda Barnetegiek eguneko 24 orduetan euskaraz bizitzeko aukera ematen diete ikasle horiei.

Euskaltegi ugarik eskaintzen dute Uda Barnetegian parte hartzeko aukera: AEK-k, Zornotzako Barnetegiak, Bilbo Zaharrak, Gabriel Arestik, IKAk, Maizpidek eta Ulibarrik. Uda barnetegietan edonork har dezake parte. Baina, parte hartzaile gehienak 31-45 urte artekoak dira. Barnetegiak, berriz, euskara ohikoa den ingurune linguistikoetan egoten dira eta aukerak ondokoak izan ohi dira: Aduna, Lazkao, Oñati, Arantza, Bakaiku, Lesaka, Zugarramurdi, Forua, Muxika eta Zornotza.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendiren esanetan, euskaraz bizitzeko eta euskara ikasteko aukera zabala eskaintzen dute Uda Barnetegiek: “Ingurune euskaldunean, giro atseginean, bi edo lau astez euskara praktikatzeko aukera ematen dute. Eta guztietan garrantzitsuena dena, ikasketa hori lagunartean egiten da, giro onean eta ondo pasatzeko helburuarekin”. Sailburuordeak gaineratu du 1993/1994 ikasturtean sortu zirenetik ibilbide luzea egin dutela Uda Barnetegiek, eta urte horietan guztietan egin duten lana izugarria izan dela eta lortu dituzten emaitzak oparoak: “Euskal hiztun berriak sortzeko nahiz euskara erabiltzaileen kopurua areagotzeko euskaltegiek nahiz udako barnetegiek egiten duten lana garrantzia handikoa da. Horregatik aurten garrantzia berezia eman diegu Uda Barnetegi horiei eta euskara praktikatu, erabili eta hobetu nahi duten pertsona horiei guztiei bertan parte hartzeko deia egiten diegu”.

HABEko zuzendari Iñaki Uribek ere euskararen irakaskuntzan nahiz ikaskuntzan Uda  Barnetegiek betetzen duten funtzioaren garrantzia azpimarratu du: “Ez dago zalantzarik euskara ikasi nahi duenarentzat euskaraz egitea dela eraginkorrena, baina euskaraz egiteko aukerak izan behar ditu hiztun horrek. Eta zer hoberik aukera hori sortzeko Uda Barnetegiak baino?”. Bere esanetan, 2010ean 1.652 lagunek hartu zuten parte Uda Barnetegietan eta aurten kopuru hori gainditzea espero du. “Estrategikoa da oso euskaltegien lana, baina estrategikoa da, era berean, Uda Barnetegiek betetzen duten funtzioa ere. Beraz, Uda Barnetegi horiek indartzea dagokigu guztioi, elkarlanean. Garai hauetan inoiz baino beharrezkoagoa da elkarlana, euskararen normalizaziorako bidean urrats guztiak garrantzitsuak baitira”.

Azkenik, Zornotzako Barnetegiko zuzendari Maribi Zubiagak azaldu du eskertzekoa dela HPSko sailburuorde Lourdes Auzmendi eta HABEko zuzendari Iñaki Uribek Uda Barnetegien aldeko matrikulazio kanpaina hau abian jartzea, eta baita Uda Barnetegiei egindako lanaren errekonozimendua ere.  Gainera, bere ustez, Uda Barnetegiek betetzen duten funtzio estrategikoa ukaezina da, askok euskaraz bizitzeko duten aukera bakarra direlako, aisialdiaz eta lagunarteaz euskaraz gozatzeko duten aukera bakarra. Bere esanetan horrek uste baino garrantzi handiagoa du, euskararekiko harremanak sendotu eta indartzen dituelako eta ikas-prozesua arintzen duelako. “Baina ezin dugu ahaztu garai gogorrak  bizi ditugula eta ikasleak ezin ditugu gehiago zamatu. Etorkizunari begira beldur gara prezioak matrikulazioan izan dezakeen eraginaz. Horrexegatik eskatzen diogu administrazioari konpromisoa, nahiz eta berarentzat ere garai gogorrak izan, konpromisoa ikasleak etorri barik geldi ez daitezen diruagatik”.