|
Abu Dhabi, 2009-01-22
SPRI, Industriaren Sustapenerako Baltzuak Emirerrietako merkatuan sartzea erabaki zuen duela bi urte, herrialde honek euskal enpresei eskaintzen dizkien aukera handiak positiboki baloratu ondoren. Horrela, 2007ko ekainean zerbitzua eskaintzen hasi zen, Dubain kokatutako agente baten bitartez. Harrezkero, 65 euskal enpresak jo dute SPRIk Dubain duen bulegora, batez ere hiru zerbitzu hauek eskatzeko: merkatu ikerketak, banatzaileak bilatzea eta lan agendak.
Une honetan, Arabiar Emirerri Batuetakoa munduko ekonomia dinamikoenetakoa da, azken urteetan BPGak batez beste %8ko hazkundea izan duelarik.
Sei euskal enpresa daude iraunkorki finkatuta Emirerrietan, denak ere merkataritza ezarpenekin. Gehienbat, energia eta eraikuntzaren sektoreetako enpresak dira eta herrialdearen zergarik gabeko eremuan daude. Arabiar Emirerrietara produktuak esportatzen dituen euskal enpresen kopurua, ordea, askoz ere handiagoa da, 72 baitira guztira. 2007an Euskaditik Emirerrietara egindako esportazioek 105 milioi euro baino gehiago eman zituzten, eta 2008ko behin behineko datuen arabera, zenbateko hori %28 igoko da aurten.
SPRIk Dubain duen bulegoan pentsatzen dute euskal enpresek aukera handiak dauzkatela Emirerrietan, ez herrialde hau osatzen duten Emirerri garrantzitsuenetan negozioa egiteko bakarrik, baina baita ere Ekialde Ertaineko beste herrialde batzuetara jauzi egiteko, esaterako Qatar edo Omanera.
Abu Dhabi-ko euskal enpresekiko harremanak
Ana Aguirre Industria Merkataritza eta Turismo sailburua Abu Dhabi-n izan da, World Future Energy Summit gailurrean hitzaldi bat emateko, eta aukera hau aprobetxatu du bertan finkatuta dauden bi euskal enpresarekin harremanetan jartzeko. Hauetako bat SENER da, Emirerrietako energiaren sektorean garrantzi eta osperik gehien duten enpresetako bat.
SENEReko zuzendaritza taldea, euren Presidente Jorge Sendagortaren zuzendaritzapean, Industria sailburuarekin eta euskal ordezkaritzako beste kide batzuekin bildu zen, eta horrela azaldu zien euskal ingeniaritzak Arabiar Emirerri Batuetan martxan jarri zuen proiektuaren eboluzioa, zeina Sener eta MASDAR (Abu Dhabi-ko energia alternatiboen konpainia) enpresen arteko aliantzaren emaitza baita. Proiektu hau 2007an jaio zen, eta helburutzat dauka batetik, Kontzentrazio bidezko Eguzki Energiaren sektorean mundu mailako lider bihurtzea eta, bestetik, kontzentrazio bidezko eguzki energiazko planta handien garapen eta ustiapena sustatzea mundu osoan.

Argazkia: Mikel Arrazola
Ana Aguirre Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua eta Izaskun Artetxe Bizkaiko Berrikuntza eta Ekonomi Sustapeneko diputatua SENEReko arduradunekin
Cristina Ugarte. cugarte@spri.es Tel.- 944037018
|