|
|
Eusko Jaurlaritzak eragin eta lagunduta, Andoni Saenz de Buruaga EHU/UPVko Historiaurreko irakasle buru duelarik, Saharako eta Euskadiko arkeologo talde batek ikerketa eta lankidetza zientifiko-kulturalerako lau espedizio egin ditu 2004. urtetik hona TIRIS eskualdean. Euskal arkeologoek egindako aurkikuntzen artean balore handiko aztarnategiak ditugu, hala nola, VI eta V milurteko hilobiak, batzuk 20 metrokoak, eta granitozko lurrean egindako grabatuak non antilopeak, hipopotamoak, elefanteak eta jirafak irudikatzen diren.
Gisa horretako ondorioak aipatu dituzte Miren Azkarate Kultura sailburuak, , eta Andoni Saenz de Buruaga EHU/UPVko Historiaurreko irakasle eta Euskadi-Sahara Kultur Bilakaera Elkartearen zuzendariak eta Arantza Arzamendi Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendariak gaur eguerdian Gasteizen egindako prentsaurrekoan, "Mendebaldeko Saharan ikerketa arkeologiko eta lankidetzarako proiektua"ri buruz.
Miren Azkarate Kultura sailburuak nabarmendu du bere Sailak "hasiera-hasieratik bultzatu" duela Saharako Errepublikako lurralde askean dauden aztarnategi arkeologikoen ahalik eta katalogazio "zehatzena" egitea helburu duen ekimen hau, alegia, Marokok eraikitako harresitik ekialdera dagoen lur-zerrendako katalogoa. Zehazki esanda, Tiris izeneko eskualdean: barne aldeko ordeka zabal-zabala, Mendebaldeko Sahararen hego-ekialdeko herenean, ondoko Mauritaniako lurretan barneratzen dena.
Bere esanetan, egitasmoa burutzeko dauden "eragozpenek merezimendua baino ez dute egiten": milaka kilometro Tinduf-eko kanpamenduetatik, orografia konplexua, klima ezin latzagoa, zerbitzu eta baliabide eskasia ira erabatekoa…. "Balantzaren beste aldean, ostera, kemen handia, bokazioa eta interes zientifikoa, bai euskal partaideen aldetik bai agintari sahararren kolaboratzaileen aldeti", gaineratu du.
Tiris eskualdea sabana subtropikala zen
Guztira, 11 lagunez (5 euskaldun eta 6 saharar) osaturiko lan taldeak 117 egun eman ditu landa-lana egiten. 53 lekutan egindako azterketen ondorioz, aurrehistoriako 300 aztarnategi topatu dituzte. "Eskualde honetan, III milurtekoaren hasieran 15 aztarnategi baino ez ziren ezagutzen", azaldu du Saenz de Buruaga irakasleak, zeinaren ustez Tirisen ondare arkeologikoaren aberastasuna "lorpenik handienetakoa" den, ikerketa eta elkartasun proiektu honen baitan.
Saenz de Buruagak adierazi duenez, froga nahikoak badituzte eskualde honen azken 10.000 urteak "zientifikoki ulertzeko", eta sabana subtropikal modura birsortzeko. "Biziraupena bermatzeko ezinbestekoak diren errekurtso natural asko zeudenez, bizitzaz josia zegoen"
Sailburuaren arabera, Saharako agintarien ikuspegitik, egitasmoa Kultura Ondarearen Zentro Nazionala litekeenaren "ernamuina" da honako hau, baita nazioarteko "elkarlanerako aukera eder bat ere", nahiz eta sarri askotan "alboratutako alorra izan", bai behintzat herri honek dituen "lehentasunezko premiak eta bizi duen egoera lazgarriaren ondoan".
"Beraz -laburbildu du- proiektu honen helburua argia zen: elkartasunetik saharauiar herriaren ondarearen garapenari laguntzea, baita ere garapen intelektual, didaktiko eta sozialari".
Hilobi eta errito multzoak
Duela hilabete amaitu den azken indusketen kanpainari dagokionez, Saenz de Buruagak azpimarratu du "luzeena, intentsoena, gogorrena eta, aldi berean, emankorrena" izan dela emaitzei begira. Hala, 117 aztarnategi berri aurkitu dituzte, funtzionalki eta kronologikoki honela banatuak:
Neolito aroko hilobi eta errito multzoak; neolito aroko herrixka eta bizilekuak; neolitikoko arroka silizioen lantegiak; Paleolitiko ertaineko multzo industrialak eta behe-Paleolitiko aroko multzo industrialak.
Saenz de Buruagak aurreratu du hurrengo espedizioa aurten bertan egingo dutela, "udazken aldera", hain zuzen.
Halaber, Kultura Sailaren konpromisoa eta laguntzaz balia, urtea amaitu baino lehen "Tirisko (Mendebaldeko Sahara) arkeologia-ondarearen lehen katalogo-inbentarioa" kaleratuko dute, saharauiar giztartearen eta nazioarteko komunitate zientifikoaren artean banatua izan dadin.
Transmisio eta informazioarekin batera, Kulturatik egiten zaion "ekarpena" saharauiar gizarteari -esan du sailburuak- "lagungarria izan beharko litzateke talde honek tresna berriak lor ditzan inplikazio, integrazio eta aurrerabide mailan".
Kultura Interpretazio Zentrua
Horren harira, Miren Azkaratek Tirisko Kultura Interpretazio Zentroaren balizko sorrera aipatu du, Agüenit-eko "zonalde askean". RASD-eko goberunak osoki babesten duen ekimen hau erreferentzia gune bilaka liteke iraganeko aztarnak kontrolatu, babestu, berreskuratu eta ikertzeko, eta, bide batez, "kultur ondarearen eskola martxan jartzeko". Hori eginez gero saharauiarrak teknikoki gehiago trebatuko genituzke dituzten ondasun eta aberastasunak beren kabuz kudea ditzaten.
Sailburuak amaitu du esanez Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Saharako herriarekin duen elkarlan hau ez dela "karitate keinu bat gure aldetik, inondik inora, elkarlana eta elkartasuna da" zeren eta "gu ere asko ikasten ari gara Saharako herriagandik". "Pentsatzen dut euskal arkeologoak bat etorriko direla nirekin. Zailtasunak zailtasun eta oztopoak oztopo, ikaragarria da Sahararrek duten prestakuntza maila, akademikoa eta profesionala. Baina hortik aparte, gehien hunkitzen gaituena zera da: Sahararren gizatasuna, leialtasuna, eskuzabaltasuna eta joku garbia".
Gasteiz, 2008ko apirilaren 21ean
|