|
Merkealdian berme guztiekin kontsumitzeko, honako informazio hau hartu behar da kontuan:
1. Merkealdiak gutxienez astebete eta gehienez bi hilabete iraun dezake, urtarrilaren 7tik martxoaren 31ra bitarte. Merkatari bakoitzak bere merkealdiaren iraupenaren berri eman behar du.
2. Merkealdia hasi baino gutxienez hilabete lehenago prezio arruntean merkaturatu ez diren produktuak ezin dira merkeago saldu. Hondatu direlako eta abar gutxiago balio duten gaiak ere ezin dira merkeago saldu, salbu eta saldo gisa iragartzen badira.
3. Merkealdiak establezimenduko produktu guztiak eraginpean hartzen ez baditu, beheratutako gaiak eta beheratu ez direnak argi eta garbi bereizi behar dira.
4. Beheratutako produktuek etiketa egokia eraman behar dute, eta etiketak produktuaren konposizioaren berri eman behar du.
5. Produktu bakoitzaren prezioan argi eta garbi agertzen dira lehengo prezioa eta beheratua, edo beheratu den ehunekoa.
6. Erakusleihoetan jartzen diren artikulu beheratuek ere prezioak erakutsi behar dituzte, kanpoaldetik ondo ikusteko moduan.
7. Saltokiek urte osoan eskainitako ordainketa moduak (txartelak, esaterako) eta itzulketa- eta konponketa-politikak merkealdian ere egongo dira indarrean, saltokiak argi eta garbi aurkakoa ohartarazten ez badu.
8. Establezimenduak produktu akastunen itzulketak onartu behar ditu.
9. Ondasun iraunkorrak (etxetresna elektrikoak, esaterako) erosten badira, artikuluaren bi urteko lege-bermea aplikatzeari eutsiko zaio. Denbora hori igarota, produktua erosi dugun establezimenduan argudiatzen badute matxura produktu hori gaizki erabili izanagatik gertatu dela, txosten tekniko baten bitartez frogatu beharko dute hori.
10. Oso garrantzitsua da faktura edo txartela gordetzea, bermea erabili edo erreklamazio bat aurkeztu ahal izateko. Izan ere, hobe da eskura ditugun dokumentu guztiak gordetzea: publizitatea, entrega-albaranak eta merkataritza-bermea (establezimenduak halakorik eskaintzen badigu). Hau da, epeak, produktuaren ezaugarriak, saltzailearekiko akordioak eta abar frogatzeko baliagarri zaigun oro gorde behar dugu.
Merkealdian ere, arduraz kontsumitu
Merkealdian egiten ditugun erosketak ondo atera daitezen, eta erosketa horiek familia-ekonomiarentzat kaltegarri gerta ez daitezen, erosketa horiek ongi planifikatu behar dira. Horretarako, benetan behar ditugun artikuluen zerrenda egin behar dugu, baita gasta dezakegun gehienezko diru-kopurua ezarri ere. Hala, gerora erabiliko ez ditugun produktuak erostea edo ahal duguna baino gehiago kontsumitzea saihestuko dugu.
Garrantzitsua da, halaber, aglomerazioak ahal den neurrian saihestea, baita presen edo masa-kontsumismoaren eraginpean ez erortzea ere, horrek neurrigabe kontsumitzera eraman gaitzakeelako. Gogoan hartzekoa da, halaber, dirua eduki ahal izateko kreditu erraz bat eskatzeko erabakia hartzen badugu, horrek interesen halako hiru ordaintzera ere behar gaitzakeela, entitate tradizionalen maileguen aldean. Eta gauza bera gertatzen da kreditu-txartelen bitartez ordainketa atzeratzea erabakitzen badugu.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko urtarrilaren 4a
|