Azken eguneratzea: 2007/03/23
Mugikorren operadoreek iraute klausulen bete gabeko denbora bakarrik kobratu ahal izango dute
Eusko Jaurlaritzak gogorarazten du telefono-konpainia alda daitekeela zorrak edo baja aurreratzeagatiko penalizazioak egon arren

Eramangarritasunari eta telefonia-operadorearen aldaketari buruz jasotako kontsulten kopurua handia dela-eta, Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzak kontsumitzaileei gogorarazten die telefono-konpainia alda dezaketela edozein unetan, zorrak ordaindu gabe baditu edo kontratuan ezarrita dagoen iraunaldia baino lehen baja hartzeagatik edozein motatako ordainketa egin behar badu ere. Kasu horietan, ordainketa horiek egin behar dira nahitaez, baina ez da operadorez aldatu ahal izateko betebehar bat.

Iraute-klausula bat baldin badago (dohainik edo oso merke eman diren telefonoengatik, batez ere), aldez aurreko bajagatiko kalte-ordaina, kontratuan ezarrita dagoen epea amaitzeko falta den denboraren zati proportzionala kobratu behar da. Adibidez, 18 hilabeterako sinatu badugu eta urtebete igarota baja hartzen badugu, falta diren sei hilabeteei dagokiena ordaindu beharko dugu.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak telefonia-konpainiei gutun bat bidali die, zati proportzionala kobratu behar dutela gogoraraziz. Operadoreak ez badu modu egokian erantzuten, kontsumitzaileak erreklamazioa jar dezake, Eusko Jaurlaritzak bidezko diren jarduketak egiteko (zigorrak barne), eta/edo bestela kontsumoko arbitrajea eska dezake.

Telefono-zenbaki berarekin jarrai daiteke nahiz eta operadorez aldatu. Konpainia berriak lehengo konpainiarekin harremanetan jarri behar du, eta bezeroak zenbakiaren eramangarritasuna gauzatu nahi duela adierazi behar dio. Eramangarritasuna gauzatzen denetik aurrera operadore berria arduratuko da zerbitzuak fakturatzeaz, eta lehengo konpainiak ondoren kobrantzaren bat bidaltzen badio, dirua itzuli beharko dio.

Edonola ere, beti kontratuaren kopia bat eskatu eta arretaz irakurri behar da, bertan agertzen baitira sinatzen diren eskubideak eta betebeharrak, adibidez aplikatuko diren tarifa motak eta iraute-klausularen bat ote dagoen.

 

Gasteiz, 2007ko martxoaren 22a