Azken eguneratzea: 2009/09/30
Garraio Saila Bilboko tranbia udalarekin batera kudeatzeko prest
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak pozik hartu du Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen jarrera, Ernesto Gasco Garraio sailburuordeak proposatu bezala, tranbia elkarrekin kudeatzeko prest agertu baita.


Horretarako, ez dago egungo legea aldatu beharrik, legeak ez baitu azpiegitura hori batera kudeatzea galarazten. Kontua, borondate politikoa da. Alkateak hala nahi badu, Saila adostasunera iristeko irrikitan dago.

Edonola ere, Jaurlaritzari ez zaio serioa iruditzen Bilboko Udalaren hainbat ordezkariren jarrera, prentsaurreko batean, Jaurlaritzari Errekaldeko tranbiaren proiektuari berriro heltzeko eskatzeko asmoa azaldu baitzuten, eta aldiz, alkateak Arriola sailburuarekin eta bi erakundeen beste ordezkari batzuekin irailaren 23an izandako bileran gai hori aipatu ere ez zen egin.

Udalbatzarrak Errekaldeko tranbiarako aurreikusitako dirua zertan erabili eztabaidatzen ibiltzea ere ez zaio oso serioa iruditzen Sailari, jakinda, gainera, Udalak eta Garraio Sailak tranbiaren linea Basurtutik La Casillara arte luzatzea erabaki zutela, 5 milioi euroko aurrekontuarekin, hau da, Errekaldeko tranbiarentzat aurreikusitakoaren % 75 inguru.

Sailak azpimarratu nahi du Bilboko tranbia kudeatu eta amortizatzea lau milioi laurehun eta hogeita hamasei mila euro kostatuko dela, diru kopuru hori Eusko Jaurlaritzak jarriko duela oso-osorik, urtean 2,8 milioi pertsonak hiri-garraioa erabil dezaten; eta horrek esan nahi du bidaiariko 1,5 euro baliatuko dela.
 
Garraio Sailak orain baino lehen inbertitu du Bilbon eta inbertitzen jarraituko du; hor daude, besteak beste, metroaren 4. lineari buruzko informazio-azterlanak egiteko lehiaketa; +Euskadi 09 planaren bidez, azterlan horretarako onartu den 500.000 euroko partida; edo metroaren 3. linearako obrak egiteko lehiaketa deitu izana, hau da, San Antonioko geltokia, Etxebarri-Txurdinaga, Txurdinaga-Alde Zaharra, Uribarri eta  Matikoko obrak eta trenbidea lurpean sartu eta Artxandako tunela egiteko obrak, 20 milioi euroko aurrekontuarekin.
 
Eusko Jaurlaritza berriko Garraio Sailak Bilboko metroaren 3. eta 4. lineatarako obrak, azterlanak eta zerbitzuak lizitatu ditu, bost hilabete eskasetan 134,2 milioi euroko aurrekontuarekin, eta aurreko gobernuak, aldiz, 61,5 milioi baino ez zituen inbertitu.
 
Garraio Sailak Bilboko tranbiaren kudeaketan Udalarekin batera jarduteko gogoa berretsi nahi du, eta horretarako, sailburuak eskari formal bat helaraziko dio alkateari, gaia aztertzeko eta aurrera egiteko behar diren lan-batzordeak sortzeko.