Lekeitio eta Mungia, bi "slow city"
 
Bidaia lasaiak gustuko dituztenentzat helmuga egoki aukeratu dituzte, Espainiako Estatuko beste lau udalerrirekin batera.

Lekeitioko portua

1986. urtean, otordu lasterreko jatetxeen arrakastari aurre egiteko, Carlo Petrini gastronomia kritikariak "Slow Food" deritzon mugimendua jarri zuen martxan, eta horren harira jaio zen "slow cities" ("hiri geldoak") ekimena. Gaur egun 16 herrialdetako 116 udalerrik dute izendapen hori. "Slow city" hiriek ezin dituzte 50.000 biztanle baino gehiago izan eta ezin dira probintziako hiriburu izan; horrez gainera, beste hainbat kalitate-baldintza ere bete behar dituzte. Txoko horietara bertaratzen den orok hiri handietako estresa eta jendetza erraz saihestuko du, eta, aldi berean, paraje ederrez eta tokiko gastronomiaz gozatzeko aukera izango du. Espainiako Estatuan sei udalerrik bete dituzte eskakizunak, tartean, bizi-kalitate onaren adibide diren Lekeitio eta Mungia.

Lekeitio  marinel-herriak altxor ugari gordetzen ditu, hala nola, Lea ibai-ahoaren aldamenean dagoen arrantza-portua eta XV. mendeko Andra Mariaren Zeruratzea basilika gotikoa. Bestalde, lasaitasuna eta familia arteko giroa izaten dira nagusi Isuntza hondartzan. Lekeitiarrek tradiziorik errotuenak bizirik mantentzen dituzte,  eta, horren adibide dira Kaxarranka dantza eta Antzarren jaia. Orain gutxi, gainera, Sarah Wildman kazetariak, New York Times egunkarian idatzitako artikulu batean, Lekeitioren eta Euskadiko beste hainbat udalerriren bertuteak goraipatu ditu.

Mungia  dugu Euskadiko beste "hiri geldoa". Uribe-Butroe eskualdean dago, eta arkitektura-ondare aberatsa du. Besteak beste, honako eraikin hauek aurki ditzakegu bertan: Torrebillela dorretxea, San Pedro eliza, Uriguen parkea, Landetxo Goikoa baserria (Bizkaiko baserririk zaharrena dela diote) eta Izenaduba Basoa, euskal mitologiari eskainitako lehenengo parke tematikoa (Olentzeko eta beste hainbat pertsonaia bizi dira bertan). Azkenik, XVII. mendeko Urgoiti jauregi ikusgarriak (izen bereko hotela hartzen du) ez ditu bisitariak epel utziko.


Azken eguneratzea: 2009/10/07