Artilearen Bideei buruzko Nazioarteko Jardunaldiak hartuko ditu Zallak
 
Hitzaldiak, mahai-inguruak, ibilaldi bat eta bestelako jarduera bereziak aurki ditzakegu egitarauaren barruan.

Ekitaldiaren kartela

Kultura-turismoak aisialdi aukera berriak proposatzen dizkie bisitariei. Artilearen Bideak izeneko ibilbideei esker, antzina artilea garraiatzeko egiten zuten ibilbidea gogora ekartzeko parada izango dugu. Gainera, ibilbideotan artilearen salerosketa eta garraioarekin nolabaiteko lotura duten eraikinak eta elementuak ikus ditzakegu: galtzadak, artilea garbitzeko tokiak, biltegiak eta ardiei ilea mozteko guneak, besteak beste.

Urriaren 23tik 25era Zalla Zine-Antzokiak Artilearen Bideei buruzko Nazioarteko I. Jardunaldiak hartuko ditu Merkataritza historikoa eta kultura-turismoa titulupean. Hilaren 23an eta 24an hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira, eta horietan, hainbat gai jorratuko dituzte adituek: artilearen salerosketa, XXI. mendeko kultura-turismoa, Europako ehungintza eta kultura eta merkataritza-ibilbideak, esaterako. Azken egunean Balmasedara (herria eta Boinas La Encartada Museoa bisitatu egiten dira) eta Bilboko Itsasadarra Itsas Museora bisitaldiak prestatu dituzte. Jarduera paraleloei dagokienez, Merkatariak Enkarterrin erakusketa eta turismo eta gaikako ibilbideen inguruko informazioa bilduko duen erakusketa (liburuxkak, aldizkariak, gidaliburuak…) nabarmendu behar dira.

Informazio gehiago nahi izatekotan, egitaraua begiratu.


Azken eguneratzea: 2008/09/26