|
Irungo ondare historikoa eta artistikoa ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen digu ibilbideak.
|
| Tren Berdearen ibilbidea |
Oiasso hiriaren inguruan aurkitutako erromatar garaiko aztarnak biltzen ditu Irungo Oiasso Erromatar Museoak. Uda honetan hainbat jarduera berezi jarri ditu martxan, tartean Tren Berdean Irungo txokorik adierazgarrienak ezagutzeko ibilbide kulturala.
Museotik (Eskoleta kalea, 1) irteten da Tren Berdea, ondoren Sarasate kaleari jarraitzeko. Bertan, antzinako hiri erromatarreko bizitegi-zona zegoen. Beraketa kaletik (Irungo kalerik zaharrena da) igaro ostean, Beraun auzoan sartzen da Tren Berdea. Antzina, auzo horretan aurki genezakeen foroa. Ibilbidea Salis hiribidetik eta Tadeo Murguia kaletik doa. Ondoren, Santiago kalea ikusiko dute bidaiariek; ontzitegi bat, kaia eta gainontzeko portu-azpiegiturak zeuden bertan. Handik gutxira, Dunboa kanalaren eskuineko ibaiertzera iritsiko dira.
Urdanibia plazatik irtendakoan Peña, Jesus eta Larretxipi kaleek Erdi Aroko herrixkaren zabalgunea osatzen zutela azalduko diete gidariek bidaiariei. Bestalde, Sancho de Urdanibia ospitalea XVIII. mendean eraiki zuten. Aurretiaz Junkal elizaren ondoan zegoen, baina frantsesen erasoak zirela eta, ospitalea tokiz aldatzea erabaki zuten.
Ama Xantalen baseliza ikusi ondoren, Prudencia Arbide kaleari jarraitzen dio ibilbideak Oiasso Erromatar Museora iristeko. Beraz, toki berean hasi eta bukatu egiten da bidaia. Ordu bat eta 15 minutuko iraupena du ibilbideak eta bidaiari bakoitzak 2,50 euro ordaindu behar du.
Informazio gehiago nahi izatekotan, Irungo Udalaren webgune ofizialera sartu.
|