|
Bilboko museoak natura hila flandestar bat eta Quintin de la Torreren eskultura bat erosi ditu
La Marquesa de Santa Cruz Goyaren margoa ikusgai egongo da Bilboko Arte Eder Museoan 2008ko urritik aurrera, Prado Museoak denboraldi baterako zesioa egin baitio. Madrileko museoaren mailegu berezia da honakoa Arte Eder Museoaren mendeurrena dela eta.
Horrez gainera, Museoaren Patronatuak natura hila flandestar bat eta Quintin de Torre artista bilbotarraren eskultura bat erosi ditu. Eskultura, egur polikromokoa, Jaitsieraren Pausuaren Kristoaren bertsioa da, de la Torrek berak Santa Vera Cruz Kofradiarentzat egindakoa eta Bilboko Aste Santuko Pausuen Museoan gordeta dagoena.
Bestalde, erositako margoa Florero con tulipanes izenekoa da, Frans Francken II eta Philippe de Marlier margolari flandestarrena. Marlier loreen natura hiletan espezializatuta zegoen eta ekoizpen urriko artista izan zen. Hori dela eta, bere artelanek interes handia sortzen dute. Francken II, berriz, margolari flandestarren familia bateko bosgarren belaunaldikoa zen. Kalitate handiko artista izan zen eta sorkuntza ugarikoa. Gai mitologikoak asko landu zituen, erositako natura hilaren lorontzian agerian geratzen denez, uretako jainkosa agertzen baita.
|