Azken eguneratzea: 2010/04/12
"Itsasoari so. Euskal Herriko Talaiak eta seinero-postuak". Azken urteotan egindako katalogazio-lan nekezaren ostean, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak talaiei buruzko liburu hau argitaratu du.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, euskal kostaldeko talaien eta seinero-postuen inbentario sakona egin ondoren, Itsasoari So. Euskal Herriko Talaiak eta Seinero-postuak liburua argitaratu du. Argitalpen berria da, gai honi buruz egin den lehena, ahaztuta dauden eta gure lurraldearen ekonomia- eta gizarte-historia ulertzeko funtsezkoak diren instalazioak gogora ekartzeko aukera ematen diguna.

‘Itsasoari So. Euskal Herriko Talaiak eta Seinero-postuak’ liburuak talaia gisa erabiltzen ziren naturako goraguneak, otoi egiteko eta talaia-funtzioetarako espazioak biltzen zituzten tenpluak, eta fabrika-talaiak erakusten ditu. 3.000 aleko tirada egin da. Argitalpenean, gure kostalde zoragarriaren bista ederrez gozatzeko, ibilaldiak eta bisitaldiak proposatzen dira. Halaber, liburuak CD bat dakar, eta bertan, argitalpena formatu elektronikoan eta Bizkaiko eta Gipuzkoako talaien fitxak aurkituko ditugu.

“Itsasoari so”
Informazioaren gizartean bizi gara gaur egun, eta komunikabideek bilakaera handia izan dute; nabarmena da horiek eragin handia dutela, eta, esan ohi den bezala, informazioa boterea dela. Gure iraganari buruz hitz egiteko ere erabil daiteke baieztapen hori. Gure kostaldean badaude ondare-elementu batzuk ia-ia ahaztuta daudenak, gure historian oso garrantzi handia izan duten jarduera ekonomikoei (itsas baliabideen ustiapenarekin lotutakoei) dagokienez, informazioa sortzeko eta transmititzeko funtsezko mugarriak izan direnak: talaiak eta seinero-postuak. Talaiariek eta seineroek, instalazio horietako arduradun ziren gizonek, igorritako seinaleak funtsezkoak ziren arrantzale euskaldunek biziraungo bazuten, eta aukeraz adina arriskuz betetako itsasotik ongizatea jasoko bazuten. Mende askoan zehar -Erdi Aroaz geroztik, gutxienez- itsasoak funtsezko papera izan zuen euskaldun guztien bizitzetan. Itsasotik iristen ziren atzerriko jakiak, itsasoa erabiltzen zen industria nagusien esportazioetarako, eta itsasoari esker areagotzen ziren herrialdearen ondasunak, Amerikarekin eta Europako herrialdeekin salerosten zutenek ekartzen zituztenak, edo itsasoari esker arrantzatzen zituzten baleak eta bakailaoak Ternuako eta Artikoko uretan. Itsasoak, era berean, hondamendi ugari ekar zitzakeen, bai naturalak, ekaitzak eta galernak, hain zuzen ere, bai eta gizakiek eragindakoak ere (kortsarioen eta ontzidi etsaien erasoak, inbasioak, etab.). Horiek ekiditeko, nahitaezkoa zen begi horiek zeruertzari adi egotea.

Azpiegitura apalak “ikusteko eta ikusia ez izateko”
Garai hartan, portuen artean –bai eta herri bereko marinelen artean ere– lehia sortzen zen baleak harrapatu eta itsasoko arrainak arrantzatzeko, eta lehian aritzen ziren gure kostaldetik pasatzen zen itsas zirkulazioaren kopuru ahalik eta handiena erakartzeko. Hori horrela, berebiziko garrantzia zuen kostaldeko toki nabarmenetako talaien kokapenak; ikuspen handia izan behar zuten, balizko harrapaketen eta salgaiez beteta zetozen itsasontzien berri emateko. Era berean, gertuko portuetako herritarrek horien berri izan zezatela saihestu behar zen. Horrela, talaiarientzat eta seineroentzat, funtsezko bihurtu zen “ikustea eta ikusia ez izatea” jokoa. Horregatik, herri bakoitzak estrategia bat landu eta aplikatu zuen informazioa eskuratzeko eta kudeatzeko. Komunikazio-politika hori zela eta -nolabait izendatzeagatik- egon zitezkeen talaia bat baino gehiago herri batean, funtzio espezifikoak betetzeko edo batetik bestera informazioa helarazteko, baina alboko herrietako biztanleen eskuetara iritsi gabe.
Eraikuntzari dagokionez, funtzio oso garrantzitsua bazuten ere, talaiak eta seinero-postuak azpiegitura sinpleak ziren. Askotan, lehenagotik zeuden eraikuntzak (baselizak, baserriak, gotorlekuak...) baliatzen ziren, beren funtzioak betetzeaz gainera, talaia baten funtzioak ere bete zitzaten. Beste batzuetan, paisaiako puntu nabarmenak bilatzen ziren, esate baterako goraguneak eta harkaitz-muturrak, behatoki funtzioa bete zezaten, eta etxola edo txabola xume bat besterik ez zen jartzen, zurez egindakoa askotan, talaiaria babes zedin. Babesleku sinple horiez gainera, behatoki gisa azpiegitura konplexuagoak egiten ziren tokietan, dorre zirkular itxurako eraikuntza txikiak egiten ziren, edo eta balkoi edo begiratoki erdizirkularren itxurakoak. XIX. mendeaz geroztik soilik eraiki ziren eraikin bakar batean behatokia eta talaiariaren babes lekua batzen zituzten talaiak. XX. mendean, eraikin horietako askoren diseinua konplexuago bihurtu zen, eta nolabaiteko intentzionalitate artistikoa eman zitzaien, itsasontzietako aginte-zubiaren itxura ematen baitzitzaien eraikinei. Baina handik denbora gutxira, XX. mendearen erdialdeaz geroztik hedatutako telekomunikazioen bilakaera zela-eta, talaien ohiko funtzioak bertan behera utzi ziren, eta garai batean funtsezko izandako instalazio horiekin gaur egun ez da inor gogoratzen.