Azken eguneratzea: 2010/02/16
Eusko Jaurlaritzak 5,8 milioi euroko abala eman dio Industrias Lagun Artea Enpresari
Jaurlaritzaren Kontseiluak Industrias Lagun Artea S.L. taldeari 5.799.000 euroko abala ematea onartu du gaur, zirkulatzailea finantzatzeko.

 Enpresa horrek AG Siderurgia Balboa sozietatearekin kontratu bat sinatu zuen 19.330.000 euroko eskaera bat gauzatzeko, eta kontratu horrekin loturik dago gaurko erabakia.

Industrias Lagun Artea S.L. euskal enpresak siderurgiaren sektorean jarduten du eta ingeniaritzako produktuak, diseinua, fabrikazioa eta makinagintza eskaintzen ditu; instalazio oso-osoak ere egiten ditu, erabiltzeko prest utzita. Horregatik, taldeak esperientzia handia du eta merkatuan erreferentetzat har daiteke, produktu berritzaile eta kalitatezkoak eskaintzen dituelako. Enpresak produkzioaren % 70 esportatu egiten du; zuzenean 150 langile baino gehiago ditu, eta 50 milioi euro inguruko fakturazioa izaten du.

Horretaz gain, negozio-eredu jakin bat eratu du, hain zuzen ere, trakzio-enpresaren profilarekin. Ildo beretik, Euskal Autonomia Erkidego osoan 1.000 laguni baino gehiagori ematen die lan zuzenean, eta ondasunen, ekipoen eta zerbitzuen erosketa-bolumen garrantzitsua ere badu. Makina-parkearen zati handiena Euskal Autonomia Erkidegoko makina-erremintaren hornitzaileengandik datorkio eta, gaur egun, datozen hiru urteetarako makina berriak erosteko negoziaziotan ari dira, 8 milioi euro inguruko inbertsioa eginez.

Industrias Lagun Artea S.L. taldeak kontratu bat sinatu du AG Siderurgia Balboa sozietatearekin biribilen ijezketa-trenaren erreforma-proiektua gauzatzeko; 19.330.000 euroko kontratua da, eta duela 10 urte baino gehiago Industrias Lagun Artea enpresak eskainitako ijezketa-trena erreformatzea du helburu, produktu-gama zabaldu eta trenaren erabilera-tasak hobetzeko asmoz. Kontratu horretan, finantziazio-baldintzak ez dira oso ohikoak, oso murriztaileak baitira; hartara, Lagur Arteak eskaeraren % 100 finantzatu behar du ekipoak entregatu arte, eta gainera, kontratuaren zenbatekoaren ordainketa geroratu egingo zaio, bezeroak ekipoak jaso eta handik 48 hilabetera bitarte, zenbait kasutan.

Horregatik guztiagatik, enpresak 5.799.000 euroko abala ematea eskatu du, hau da, kontratuaren zenbatekoaren % 30, betiere kontratua gauzatzearen ondorioz sortutako betebeharrak betetzeko behar izango duten finantziazioa lortzearren, baita hornitzaileekiko ohiko ordainketa-baldintzei eutsi ahal izateko ere.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eskaeraren alde egin du; beraz, Jaurlaritzaren Kontseiluak abala ematea onartu du, gehienez ere 36 hilabeterako eta 5.799.000 euroko zenbatekoarekin, AG Siderurgia Balboa konpainiarekin sinatutako kontratuari loturiko zirkulatzailea finantzatzeko; izan ere, EAEko industria-sarean eta enpleguan eragin nabarmena izango baitu.

Iazko ekainaren 5ean onartu zuten abalen politika hori, eta 2010ean ere martxan dago, 350 milioi euroko aurrekontu-partidarekin. Jaurlaritzaren Kontseiluak orain arte onartutako gainerako abal guztien antzera, hau ere baldintzatua dago; hain zuzen ere, enpresak hornitzaileekiko finantza-baldintzei eusteko konpromisoa hartu behar du, beste hainbat betebeharren artean. Era berean, Ekonomia eta Ogasun Sailak abala formalizatzeko beharrezkoak diren egintza guztiak burutuko ditu, operazioan eragozpenik izan ez dadin.

Txoke-abalen politika hiru foru-aldundiekin adostu da, eta erregulatzen duen arauak Bruselaren onespena du, lehiaren arauen araberakoa delako.


Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 16a