Azken eguneratzea: 2008/09/18
Kultura Sailak eta UNEDek hitzarmena sinatu dute euskara Estatuan zein atzerrian sustatzeko
Diru-laguntza eta aholkularitza eskainiko dizkio Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak UNEDi, eta 2008-09 ikasturtean euskara nahiz euskal kulturaren lektore programa jarriko du abian UNEDek


Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta UNEDek (Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak), gaur goizean Donostian egindako ekitaldian,  2008-09 ikasturterako lankidetza hitzarmena sinatu eta aurkeztu dute, UNEDen bitartez euskara eta euskal kultura lektoregoa Estatuan nahiz atzerrian sustatzeko. "Hitzarmen hau Espainian euskararen aldeko ezagutza eta balorazioa bultzatzen hasteko akordio bat ere" badela esan du aurkezpenean Miren Azkarate Kultura sailburuak, ondoan Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Juan Gimeno UNEDeko errektorea eta Juanjo Alvarez Bergarako UNEDeko zuzendaria zituela.  Hitzarmen honen bidez, diru-laguntza eta aholkularitza eskainiko dizkio Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak UNEDi, eta euskara nahiz euskal kulturaren lektore programa jarriko du abian UNEDek. Hau da, posible izango da Espainian zein atzerrian euskararekin eta euskal kulturarekin lotutako ikastaroak, diplomak, aldizkari zientifikoak, unibertsitateko ikastaroak, mintegiak,eta abar aurrera eramatea.

Miren Azkarate sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak "urteak" daramatzala  bai EAEn, bai Euskal Herrian eta bai atzerrian ere euskara sustatzen, eta "ildo horretatik" doala gaur Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eta Espainiako Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak izenpetutako lankidetza hitzarmena. Helburu argi eta garbi batekin sinatu dutela gaineratu du: "euskara eta euskal kultura Espainian eta atzerrian ere bere zentroen bidez sustatzeko. Izan ere, UNEDek Espainian eta Espainiatik kanpo presentzia handia du".

Sailburuaren ustez, euskarak bere eremu naturaletik kanpo ere "interes handia pizten du". Euskara ikasteko arrazoi sentimentalez gain, azpimarratu du  badirela "arrazoi zientifikoak, kulturalak, politikoak…". Bere esanetan, "asko dira guregana hurbildu direnak gure hizkuntza politika ezagutu nahian, asko dira euskara bera  eta bere bilakaera ezagutu nahi dutenak, euskararen biziraupenaren misterioa ezagutu nahi dutenak,  edota euskaldunotaz eta Euskaditaz zerbait jakin eta hizkuntzaren oinarrizko ezagutza jaso nahi dutenak".

Euskara atzerriko 24 unibertsitatetan

Halaber, Azkaratek oroitarazi du datorren urtetik aurrera beste tresna sendo bat ere izango dutela zeregin horretan: Etxepare Euskal Institutua. Eta bitartean, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) baduela jada, ekimen bat indarrean: lektore programa, bere sorreran, duela bost urte, "uste genuena baino are urrutirago iristen ari dena".  Urrutirago geografikoki, esan du, "zeren eta orain arte lektorego programa 12 herrialdetan bazegoen ere, gaurtik aurrera, UNEDekin sinatu duten hitzarmen honen ondorioz, gehiagotan". Emaitzetan ere urrutirago helduko direla azaldu du: "jende askorentzat nobedadea izango da jakitea 24 unibertsitate daudela gaur atzerrian euskara eta euskal kultura irakasten, 800 ikasle baino gehiago dabiltzala euskara eta euskal kultura ikasten unmibertsitate horietan. 60tik gora Helsinkin, 100 baino gehiago Txilen... Edonor harritzeko modukoak dira datuok".

Kultura sailburuaren iritziz, "argi dago euskarak aurrera egingo badu, Euskadin egin beharko duela, baina hemendik kanpora egiten den guztia ere ondo etorria izango da euskararen prestigioaren eta ezagutzaren mesedetan baldin bada. Aliatuak behar ditu euskarak, nonahi. Gero eta gehiago gainera, bizi dugun globalizazioaren garaian".

Hitzarmen hau dela tarteko, dirulaguntza eta aholkularitza eskainiko dizkio HPSk UNEDi, eta lektore programa jarriko du abian UNEDek. Hau da, datorren ikasturtean posible izango da Espainian euskararekin eta euskal kulturarekin lotutako ikastaroak, diplomak, aldizkari zientifikoak, unibertsitateko ikastaroak, mintegiak,eta abar aurrera eramatea.

150 orduko moduluak

Ekintza horiek garatzeko, UNEDek bere erantzukizunpean eta bere kargura honako jarduerak hartzen ditu:

-Euskara eta Euskal kulturako ikasketak eskainiko ditu UHUNeko Hizkuntza-zentroan (CUID). Ikastaroak 150 orduko modulutan garatuko dira, eta ikasle bakoitzak ezin izango du bi modulu baino gehiagotan parte hartu ikasturteko.

-Euskal kultura zabaltzeko eta hedatzeko kultur ekintzak egitea, UHUNren urrutiko hezkuntzarako metodologia erabiliz, legeak ezarritako aurrez aurreko eskolak emango diren arren. Helburua da unibertsitatearen jarduerak ez mugatzea irakaskuntzaren arlora, baizik eta ikasle kopuru nahiko handia duten zentroetan, Madrilen bezala, ikasleak euskal bizimoduarekin harremanetan jartzeko ekintzak garatzea ikasturtean zehar.

-Irakaslearen esku beharrezkoa den ekipamendua jartzea (ikasgela, programan ikastaroa iragartzea).

-Lektoreari lan-kontratua egingo dio eta horren arabera ordainduko dio.

Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, proiektua aurrera eramateko honako ekarpen hauek egiteko konpromisoa hartzen du:

-Euskara-lektoreari aholkularitza didaktikoa eskainiko dio eta beharrezko material eta baliabide didaktiko, linguistiko eta kulturalak emango dizkio, egin behar dituen jarduerak egiten laguntzeko.

-Lektoretzari eusteko diru-ekarpena egingo du, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan urtero era horretako jardueretarako aurreikusitako diru-izendapen egokiak badaude. Diru-ekarpen hori egiteak ez du inola ere ekarriko lektoreak lan- edo administrazio-harremanik izatea Eusko Jaurlaritzarekin.


Beraz, lankidetza-hitzarmen honen argitan, Espainiako gizartean euskara eta euskal kultura "hobeto ezagutzera eta baloratzera" emango delakoan dago Miren Azkarate. "Gezurra badirudi ere, gaur egun Espainiako unibertsitaeetan atzerriko hizkuntzak bezain arrotz dira Estatuan bertan hitz egiten diren eta beraien Autonomia Erkidegoetan ofizialak diren hizkuntzak: euskara, katalana, aranesa, galegoa…,".  Gehitu du Espainiako 4 unibertsitatetan Eusko Jaurlaritzaren lankidetzari esker eskaintzen direla euskara klaseak, baina horietaz gain, "oso kasu gutxi" direla euskararen presentzia eskaintzen dutenak.

Sailburuak amaitu du esanez euskarak eta euskal kulturak  "aurrerapausoak egiten" jarraitu behar dutela "pixkanaka, hemen eta han, gertu eta urrun, herrian eta atzerrian, pauso txikiak, ertainak edo handiak. Baina beti aurrera".

Donostia, 2008ko irailaren 18an