Azken eguneratzea: 2007/05/25
Eusko Jaurlaritzaren omenaldia 37ko ebakuazioan laguntza eman zuten lagun eta erakundeei
Southamptonen gauzatu da omenaldi ekitaldia, Britainia Handirako ebakuazioan parte izan ziren umeei zein laguntzaileei, eta hauen harreran lagundu zuten Britainia Handiko pertsona eta erakundeei eskainia

Eusko Jaurlaritzak, Miren Azkarate Kultura sailburuaz ordezkaturik, omenaldia eskaini die 1937an borrokan ez ziren herritarren bizitzak salbatu ahal izateko Euskadiko Jaurlaritzak antolatutako ebakuazioan laguntza eman zuten guztiei. Britainia Handitik lagundu zutenen eskertze eta omenaldia Britainia Handiko 37ko Euskal Umeen elkarteak (Basque Children of`37 Association UK) Southamptonen antolatu duen ekitaldian gauzatu da.
Southamptongo Unibertsitateko ekitaldi aretoan, Britainia Handiko 37ko Euskal Umeen elkarteak ( Basque Children of`37 Association UK) antolatuta omenaldia eskaini zaie ebakuazioan parte izan ziren umeei eta laguntzaileei eta hauen harreran lagundu zuten Britainia Handiko pertsona eta erakundeei.

Omenaldi ekitaldia eguerdiko 12,30etan hasita arratsaldeko 18,30arte egin da da eta bertan parte hartu dute berrehun bat gonbidatuk, horietako asko Britainia Handitik, Euskaditik eta munduko lau izkinetatik (Mexiko, Venezuela Brasil…) etorriak, 37ko umeak eta hauen ondorengoak nolanahi ere. Ekitaldian, Southamptonengo jendeak eta oro har Britainia Handiko lagunek ebakuatuei eskaini zieten laguntza eta abegia gogora ekartzeko oroitarria ipini da. Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburuarekin batera, omenaldian parte izan dira, Southamptoneko eta Esaleigheko alkateak, Espainiako enbajadorea, Adrian Bell, historialaria  eta "For Only Three Months" liburuaren egilea, Vicente Cañada 37ko umea Euskal Herrira itzulitakoa eta Herminio Martinez, 37ko umea bere bizitza Bretainia Handian egin duena. 
Ekitaldian, Miren Azkarate Kultura Sailburuak, Jaurlaritzak aste honetako bilkuran onartutako mezua aditzea eman die: "70urteren buruan, Eusko Jaurlaritzak kinka larri horietan mundu osoko hainbeste pertsonak eta erakundek emandako laguntza eskertu nahi du; gure aitortza eta Herri honena eskaini nahi diegu erakunde publiko nahiz pribatu hariei, baita ere ume errefuxiatu horiek hartu zituzten herrialdee. Eta horrekin batera, gure oroitza eta eskerrik beroena bihoakie umeekin batera haiei laguntzera Eusko Jaurlaritzak antolatutako ebakuazioan joan ziren guztiei: irakasleei, erizainei, erlijiosoei, laguntzaileei…".

Aitortza mundu osoko pertsona eta erakundeei zuzentzen bazaie ere, aipamen berezia egin da Britainia Handitik jasotako laguntzari. "Ezinezkoa da guztien izenak aipatzea, adibide eta eredu gisa, Britaina Handian umeen ebakuazioa laguntzeko sortu zen Basque Children's Committee eta honetan lan egin zuten guztiak gogoan izan nahi genituzke, Atholleko dukesa, alderdi kontserbadoreko kidea eta euskal umeen aldeko batzordeko buru izan zena, Salvation Army erakundea, Britainia Handiko eliza katolikoa, eliza anglikanoa, eliza kuakeroa,  alderdi liberala, alderdi kontserbadorea eta alderdi laborista, Trade Unions Congres sindikatuen erakundea eta bereziki Leah Manning andrea, alderdi laboristako kidea eta parlamentaria Euskadira etorri  eta umeen ebakuazioa ahalbideratu zuen emakumea. Hauen izenetan bil bitez ebakuazio hartan parte izan ziren guztiei  Eusko Jaurlaritzak eta Herri honek azaldu nahi dien esker ona".

Ehun mila lagunetik gora eta ia berrogei mila ume parte hartu zuten Jaurlaritzak antolatu zuen 1937ko ebakuazioan

Eusko Jaurlaritzak zuzendua eta gauzatua, Durango eta Gernikako bonbardaketen ondoren, eta Agirre Lehendakariak munduari apirilaren 27an egindako deiaren bidetik egin zen: "Sinistu nahi nuke munduko herrialdeak Bilbora datozen hirurehun milatik gora emakumezko eta haurrei laguntzera etorriko direla. Gizonezkoentzat ez dugu ezer eskatzen, gure herriaren askatasuna defendatzeko dugun asmo sendoak lagunduko baitugu sakrifiziorik handienak ere sosegurik handienean eta kontzientzia lasai dugula egiten". Frantziako eta Britainia Handiko gobernuek laguntza eskaini zuten eta Jaurlaritzak antolatutako ebakuazio gauzatu ahal izan zen, nazioarteko urak kontrolatzen zituen britainiar armadaren laguntzarekin.

Lehen ebakuazioak matxinada militarraren hastapenean egin ziren, 1936ko uztailean. 1937ko martxoan, haurren lehen irtenaldia antolatu zen Olerongo frantses uhartera. Baina populazio zibilaren kontrako bonbardaketa bereizi gabeen (Otxandio, Bilbo, Durango…) eta Gernikaren txikizioaren ondorioz, Jaurlaritzak ebakuazio politika antolatu zuen borrokan ez ziren herritarren bizitzak salbatu ahal izateko. Exodo honen barruan, maiatzaren 6tik 7rako gauean, abiatu zen Frantziarako bidean Santurtziko portutik lehen irtenaldia; hortik aurrera, irteerak etengabeak izan ziren eta ez ziren amaitu ipar frontea urrian erori zen arte, izan ere, Euskadi okupatuta zegoelarik ere, Eusko Jaurlaritzak zibilak ebakuatzen jarraitu zuen.
1937ko maiatzaren 22ko arratsaldean, Southamptoneko portuan lehorreratu ziren "Habana" itsasontzian eramandako 3.861 ume eta hauen zerbitzura joan ziren 95 irakasle, 120 laguntzaile eta 15 apaiz.

Ebakuazioaren zatirik handiena hirurogei zeharkaldi egin zituzten 30 itsasontzietan burutu zen, 116.746 lagun garraiatuz, horien artean ume ugari. Ebakuazio handi hura koordinatu zuen Eusko Jaurlaritzaren Gizarte-laguntzarako Sailak 37.930an zenbatu zuen umeen exodoa, horietatik 22.234 Frantziara eraman zituzten; 6.200ek Katalunian izan zuten aterpe herri hura oraindik Errepublikaren esku zegoen garaian; beste 3.956 Britainia Handian jaso zituzten; 3.201 Belgikan,  1.889 Sobiet Batasunean; 245 Suitzan eta 105 Danimarkan.

Aitortza eta eskertze honetan, egungo Eusko Jaurlaritzak orduko Euskadiko Jaurlaritzak,  Agirre Lehendakaria buru zutela, eta  Sail desberdinek egindako lana aitortu eta gogora ekarri nahi izan du. Hala nola,. Juan Gracia sailburu sozialistak zuzendutako Gizarte-laguntza sailak egin zuena, ebakuazioaren koordinazio buru; edo Jesus Maria Leizaola abertzalea sailburu zuen Justizia eta Kultura sailak egindakoa, honen ardurapekoa izan baitzen harrera eremuetako irakasle, zaintzaile eta laguntzaileen lana; eta Osasun sailaren zeregina, honen ardurapekoa izan zen erbesteratu haien osasun zaintza Euskadin nahiz hainbat helbide puntutan; eta lan honen ardura izan zuen frankistek fusilatu zuten arte Alfredo Espinosa sailburu errepublikarrak, eta ondoren Saila hartu zuen Heliodoro de la Torre sailburu abertzaleak.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko maiatzaren 25a

Ebakuatuak izan ziren haurren dokumentazioa (pdf, 274kb)
Miren Azkarate Sailburuaren mintzaldia ingelesez (pdf, 38,3 kb)