|
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatutako Euskararen Aholku Batzordeak aro berri bati ekin dio hizkuntza politikari buruzko askoren arteko eztabaida eta hausnarketa abiarazita. Gaur goizean Donostiako Miramar Jauregian aurkeztu dutelarik, "XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak" batzorde atalaren bidez bideratuko da aipatu ekimena. Bertan, orain arte hizkuntza politikaren alorrean egindako bidea aztertu nahiz ondorengo urteetan eman beharreko pausoak zehaztu nahi dira, eta baita euskararen normalkuntzaren inguruan adostasun politiko eta sozial berri bat lortzeko ahaleginak indartu ere. Euskarari buruz gogoeta egin dezaten eskatzen zaie batzorde-ataleko kideei, honenbestez, uste dutenarekin, duten ikuspegiarekin, aberastu dezaten gizarteari erabat irekita dagoen gogoeta saioa.
Gogoeta ahalik eta zabalena izatea da helburu, bai parte-hartzaileei zein jorratzen diren alorrei dagokionez. Hala, Patxi Batzarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea buru dela, erakunde publiko, hezkuntza, kultura, komunikabide, enpresa, alderdi politiko, sindikatu, euskalgintza, gizarte elkarte eta ekonomia arloko 40 lagunek osatzen dute batzordea; eta funtzionamendua erraztu eta arintze aldera zazpi lagunez osatutako batzorde iraunkorra eratu du. Izan ere, euskararen indarberritzearen egiazko protagonistak herritarrak dira, haien esku, haien gogo eta bihotzetan baitago, hein handi batean, euskararen oraina zein geroa, euskara biziberritzeko giltzarria. Horretara dator Euskara 21 ekimena. 
ZER DA EUSKARA 21?
Partaidetzarako tresna bat da Euskara 21, guztion ekarpenekin XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak finkatzeko aukera emango diguna. Erronka berriek parte hartzeari eta adostasunari begirako dinamika berriak eskatzen baitituzte.
Ilusioz beterik datorren ekimen honetan parte hartzeko Euskara 21 webgunea jarri dugu abian, XXI. mendean euskararentzat nondik norako bidea nahi dugun denon artean erabakitzeko ahaleginean, alegia. Izan ere, gure gizartea anitza da baita hizkuntzei dagokienez ere, horregatik guztiagatik, euskararen munduak ez ezik erdal munduak ere lekua izango du ekimen honetan. Ekimenaren abiapuntua Oinarrizko Txostena deiturikoa da.
OINARRIZKO TXOSTENA LABURREAN
Euskara Legea mamitu zuten irizpide eta printzipioak baliagarri zaizkigu oraindik ere, gizarte demokratiko eta gero eta anitzagoa den honetan, euskara indartzeko, biziberritzeko eta geroratzeko helburua luken hizkuntza-politika bat gauzatzeko: euskararekiko atxikimendua, hizkuntza propioa, euskararen ofizialtasuna, herritarren eskubideak eta gizarte elebidun (eleaniztun) baten proiektua/ametsa.
Printzipio horiek, argi dago, hizkuntza-politikaren esparrua finkatzen dute, ez ordea hizkuntza-politika jakin bat zehazten: hizkuntza-politika desberdinak egin daitezke esparru horren barruan, baita neurri desberdinak hartu politika bakoitzaren baitan ere, baina printzipiok bistatik galdu gabe, atzendu gabe eta ahaztu gabe.
ZEINTZUK DIRA OINARRIZKO TXOSTENAREN EGILEAK?
Txosten hori euskal kulturako eta gizarteko pertsona kualifikatuek egin dute, eta euskararen egoerari buruzko gogoeta sakona eskaintzen du, ekimenari oinarri sendo bat eskaintzearren. Txosten honen egileak dira: Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, batzorde-ataleko lehendakari gisa; Erramun Osa, Hizkuntza Politikarako Sailburuodetzako Koordinaziorako zuzendaria Aurelia Arkotxa, irakasle, idazle eta euskaltzain osoa; Lore Erriondo, irakasle eta pedagogoa; Alberto Lopez Basaguren, Konstituzio Zuzenbideko katedraduna; Eneko Oregi, itzultzailea eta IVAPeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialeko zerbitzuburua; eta Pello Salaburu, Euskal Filologiako katedraduna eta euskaltzain osoa.
ZER EGIN DAITEKE EUSKARA 21 WEGUNEAN?
Honako hauek egin ahal izango dituzu, besteak beste, oinarrizko txostena kontsultatu, blog-aren bitartez gogoetan parte hartu eta gogoetaren inguruko berriak jarraitu. Atzeraelikatzea, bizitasuna eta aniztasuna ezaugarri dituen webgune honen bitartez, euskararen inguruan iritzia adierazi dutenekin harremanetan jardun ahal izango duzu, besteen iruzkinak irakurriz eta zeureak gune honetara ekarriz.
Horrez gain, inkestak erantzun eta emaitzak kontsultatu, euskararen inguruko albisteetarako estekak eta mediateka eskura izango dituzu, baita aldian-aldian argitaratuko de Euskara 21eko buletina e-postaz jasotzeko aukera ere.
Euskera 21 ekimenaren gorabeheren berri jarraitzeko eta, nola ez, bertan parte hartu ahal izateko, kontsulta ezazu www.euskadi.net/euskara21 webgunea.
Donostia, 2008ko apirilaren 29an
|