Azken eguneratzea: 2010/02/16
Eusko Jaurlaritzak 6,8 milioiko abala eman dio GHI Hornos Industriales enpresari
Jaurlaritzaren Kontseiluak GHI Hornos Industriales enpresari 6.864.900 euroko abal bat ematea onartu du, enpresaren zirkulatzaile-premiak finantzatzeko.

 Enpresak 22.883.000 euroko zenbatekoaz lortutako eskabide batekin lotuta dago erabakia, eta plantan urtebetetik gorako jarduera izatea ekarriko du horrek.

GHI Hornos Industriales SL 1937an sortutako enpresa da eta material ferriko eta ez-ferrikoetarako fusioko, beroketako eta tratamendu termikoko labeak egin eta horiek giltzak eskuan entregatzen ditu. Multinazionalak dira GHIren bezeroak eskabide gehienetan eta fabrikaturiko produktuak instalazio handietan integratzen dira, eta hori horrela, GHIren esportazio-tasak % 90a gainditzen du.

GHIk trakzio-efektu handia du, fabrikazioaren zati bat utzi egin baitu, hurbileko enpresetan azpikontratatzeko. GHIk 2009. urte zaila izan du sektorean ia erabatekoa izan den jarduerarik ezaren ondorioz, kontraturik ez izatea eragin baitio horrek. Egoera horretan, 22.883.000 euroko eskabide bat lortu du enpresak, eta plantan urtebetetik gorako jarduera izatea eta hornitzaileentzako lasaitu handia ekarriko du horrek. Lorturiko kobrantza-baldintzak onargarriak dira, baina GHI proiektuaren guztizko kostuaren % 20ko eta % 10eko bi banku-abal aurkeztera behartzen dute baldintza horiek, bezeroak aurreraturiko diru-kopuru horiek baliatzeko eta azpimultzoen metaketetarako hornitzaileentzako ordainketekin hasteko.

Horretarako, 6.864.900 euroko abala (eskabidearen % 30) eskatu zuen GHIk bezeroak eskaturiko bi banku-abalak formalizatzeko. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eskaeraren aldeko txostena eman du, eta, horrenbestez, Jaurlaritzaren Kontseiluak abala ematea onartu du, euskal industria-sarean eta enpleguan duen inpaktu berezia kontuan izanda.

Iazko ekainaren 5ean onartu zuten abalen politika hori, eta 2010ean ere martxan dago, 350 milioi euroko aurrekontu-partidarekin. Jaurlaritzaren Kontseiluak onarturiko aurreko abal guztiak bezala, hau ere baldintzapean dago, hau da, enpresaren konpromisoarekin hornitzaileei adierazitako finantza-baldintzak atxikitzeko, besteak beste. Era berean, Ekonomia eta Ogasun Saila arduratuko da erabaki honetako abala formalizatzeko beharrezkoak diren ekintzak burutzeaz, eragiketa behar bezala amaitzeko.

Txoke-abalen politika hiru foru-aldundiekin adostu da, eta erregulatzen duen arauak Bruselaren onespena du, lehiaren arauen araberakoa delako.


Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 16a