Ferrovial Agromán SA enpresari esleitu dizkio Eusko Jaurlaritzak Artxibo Historikoa eraikitzeko lanak
Lanek 19 hilabete iraungo dute, eta aurrekontua hasierako lehiaketa publikoaren aurrekontuko 13 milioi eurotik beherakoa izango da
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Ferrovial Agromán SA enpresari esleitu dio Euskadiko Artxibo Historiko Nazionalaren egoitza eraikitzeko lanen kontratua. Eraikinak 8.542 metro koadro izango ditu, Bilboren erdialdean dago, eta bai eraikuntza-elementuen aldetik bai baliabide eta egitura aldetik puntako azken teknologiaz hornituta egongo da. Lanon aurrekontua 13 milioi eurotik beherakoa da, eta 19 hilabete iraungo dute.
Etorkizuneko Euskadiko Artxibo Historiko Nazionalaren egoitza altxatzeko lehiaketa publikoa 2009ko maiatzean hasi zen. Guztira 20 enpresak aurkeztu dituzte beren eskaintzak. Bidezko baremazio eta ebaluazio prozesuen ondoren, Ferrovial Agromán SA enpresa gertatu da esleipenduna. Horrenbestez, enpresa horrek egingo ditu lanak, 19 hilabetetan eta 12.933.882,20 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). "Idom Ingeniería y Consultoría SA" enpresak egin du orain toki horretan dagoen eraikina eraisteko eta berria altxatzeko proiektu teknikoa.
Blanca Urgell Kulturako sailburuak Legebiltzarreko agerraldian esan zuenez, "(…) Euskadiko administrazioak autogobernuko azken hogeita hamar urteotan ekoitzi dituen dokumentu funtsak jasoko dituen Artxibo Nazionala. Abiapuntu horrekin, Artxibategi Nazional hori erreferente egoki bihur liteke beste artxibategi-funts batzuk ere baldintzarik onenetan jasotzeko, bai esku pribatuetan daudenak, bai gure Autonomia Erkidegoaren mugetatik kanpo egon arren gure herriaren dokumentu-ondarerako garrantzi handikoak direnak".
Artxiboak bere gain hartuko dituen zerbitzuen artean dago interes berezia duten ikertzaileen lanari begira materialak jasotzea, katalogatzea eta kontserbatzea. Alde horretatik, laguntza eta orientazioa eskainiko dizkie Euskadiko Artxibo Sistema osatzen duten erakundeei, eta haien garapen teknologikoa eta ondare dokumentalaren digitalizazioa bultzatuko ditu.
Puntako azken teknologiaz hornituta egongo da. Erreferente bat izango da artxiboen artean, eta jarraipena emango dio Bergaran dagoen IRARGI-Euskadiko Ondare Dokumentalaren Zentroak egindako lanari; hain zuzen ere, 1986an sortu zenez geroztik oso langintza garrantzitsua bete izan baitu IRARGIk Euskal Herriari buruzko artxibo publiko eta pribatuetan dagoen dokumentazioa inbentariatzen eta erreproduzitzen.