Azken eguneratzea: 2014/07/01

Gobernu Kontseiluaren akordioa (2014ko uztailaren 1ekoa)

Onartu da kontsumoko erreklamazio-orriak eta kontsumitzaileen kexak, erreklamazioak eta salaketak artatzeko prozedura arautzeko dekretu berria

Gaur, 2014ko uztailaren 1ean, Gobernu-kontseiluak onartu du kontsumoko erreklamazio-orriak eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen kexak, erreklamazioak eta salaketak artatzeko prozedura arautzeko Dekretu berria. Dekretu berri horren bidez, Kontsumobide-Kontsumoaren Euskal Institutuak kontsumitzaileen eskubideen defentsa eta babesa sendotzea eta kontsumoko liskarrak konpontzeko metodo arina ezartzea du xede.

Hala, araudi berriak Kontsumobideren edo Kontsumitzaileentzako Udal Informazio Bulegoen aurrean aurkeztutako erreklamazioen, kexen eta salaketen administrazio-izapidearen prozedura hobetzeko alderdiak eta neurriak jaso ditu. Hala, babes handiagoa izango dute administrazioaren aurrean kontsumoari buruzko erreklamazioak, kexak edo salaketak egin nahi dituzten kontsumitzaileek eta erabiltzaileek, horretarako bideak erabilita.

Erreklamazio-orria da administrazioari kontsumo-arloko erreklamazioak ezagutarazteko bitarteko nagusia. Dekretu berrian ezarritakoaren arabera, nahitaez eduki beharrekoak izango dira erreklamazio-orriak. Halaber, nahitaezkoa izango da aisialdiko jardueretan eta ikuskizun publikoetan edukitzea, aurreko araudian halakorik jasota ez zegoen eta. Erreklamazio-orriak edukitzetik salbuetsita egongo diren bakarrak irakaskuntza arautua eta lanbide liberalen gaineko hezkuntza eskaintzen duten baimendutako zentroak izango dira, baldin eta beren jarduera gauzatzeko aurrez legez onartutako elkargo profesional batean inskribatu behar badira. Horrelakoetan, erreklamazioak kasuan kasuko elkargo profesionalaren bidez izapidetuko dira, erregelamendu arautzailean ezarritakoaren arabera.

Halaber, araudi berrian ezarritakoaren arabera, enpresek nahitaez adierazi beharko dituzte beren datuak erreklamazio-orrietan. Horren berri emateko, Kontsumobidek Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Zuzendaritzarekin elkarlanean, irailetik aurrera, Euskadiko enpresetan eta saltokietan ikuskaritza informatiboko kanpaina bat gauzatuko du, aipatutako betebeharra gogorarazteko.

Erreklamazio-orriei dagokienez, arauan jaso dira izan beharreko ezaugarriak, erreklamazioen berri emateko modua eta kontsumitzailearen eskaerari emandako erantzuna.

Dekretu hori onartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskurako erreklamazio-orriak arautzen zituen urtarrilaren 14ko 5/1997 Dekretua baliogabetu da, ez baitzion egoki erantzuten Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 12.2. artikuluaren xedapenari.

Erreklamazio-orrien eta kontsumoari buruzko gainerako alderdien gaineko informazioa kontsultatu daiteke Kontsumobideren web gunean, edo, bestela, Bilboko, Donostiako edo Gasteizeko bulegoetara jo daiteke.

 

Agiria:

142/2014 DEKRETUA, uztailaren 1ekoa, Kontsumoko erreklamazio-orriei eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen kexa, erreklamazio eta salaketei erantzuteko prozedurari buruzkoa

 

Kontsumobidek irratian izandako agerraldiak

 

Radio Popular ('Es posible' saioa). 2014ko uztailak 16

Kontsumoko erreklamazio-orria...

(mp3, 1,35 MB) [es]

 

Radio Euskadi ('Boulevard' saioa). 2014ko uztailak 17

Kontsumoko erreklamazio-orriak, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen erreklamazioei erantzuteko prozedura...

(mp3, 1,7 MB) [es]