Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak Ertzaintzaren langileen erretiro aurreratua
finantzatzeko sistemari buruzko akordioa lortu du gaur. Akordio horretan, aurretiko erretiroa hartzeko adina hirurogei urtera aurreratzearen kostua ordaintzeko eredua ezarri dute. Hala, Eusko Jaurlaritzaren kontura hiru ordainketa egingo dira aurten, 2.060.037 eurokoa bakoitza.
Eusko Jaurlaritzak eta Gobernu zentralak Ertzaintzaren agenteen erretiro adina hirurogei urtera aurreratzeko adostu dute eta, gaurtik aurrera, badu beharrezko finantzazio-sistema. Estatuko Administrazio Orokorrak, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Aldundiek osatutako Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean, 47. xedapen gehigarrian, ezarritakoa garatzen duen akordioa lortu du gaur.
Akordio horren arabera, Administrazio zentralak eskubide hori jasotzeko aukera ematen duten gainordainak finantzatzeko konpromisoa hartzen du; Polizia Nazionalaren agenteen kasuan egiten den proportzio berean. Diru-kopuru horretatik gorakoak Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu. Bestalde, jarduneko ertzainek gainkotizazio bat ordainduko diote Gizarte Segurantzari.
Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak kotizazioen urteko kopurua baieztatuko du eta Eusko Jaurlaritzaren kontura sartu beharreko diru-kopurua zehaztuko du. Hiru ordainketa egingo dira urtero; aurten (2010), 2.069.037 eurokoa izango da ordainketa bakoitza.
Ertzaintzako agenteen borondatezko erretiro adina hirurogei urtera aurreratu izana EAEko Administrazioaren eta Administrazio zentralaren arteko akordio baten ondorioz etorri da, agente autonomikoek eta Segurtasun Indar eta Kidegoen gainerako Polizien agenteek arlo horretan dituzten lan-baldintzak parekatzeko. Akordioarekin Ertzaintzaren sindikatu guztiek luzaroan aldarrikatutako helburu bat bete egin da.
Aurten, 72 agentek beteko dituzte hirurogei urte eta, beraz, borondatezko aurretiko erretiroa hartzeko aukera izango dute, euren pentsioaren ehuneko ehun jasota. 2011rako, 41 agente egongo dira egoera horretan eta, datozen urteetan, 57, 65, 72 eta 98, hurrenez hurren.