Prieto, C.
Cinco mil años de palabras


"Cinco mil años de palabras" liburuaren azalaHizkuntzen gainean ustez lehendik ere jakinekoak diren alderdiak lantzen dizkigu Carlos Prietok liburu honetan. Hizkuntzen historia, haien balizko jatorriak eta oraingo egoerak, zenbait "megahizkuntzaren" agerpena eta milaka hizkuntza eta hizkelgiren desagerpena… Eta, tartean, baita hizkuntzen inguruan biltzen diren alderdi zoragarri eta gozagarriak ere.

«Garai hartan mundu guztiak hizkuntza eta mintzaira berberak zituen. Ekialdetik etorririk, gizonek lautada bat aurkitu zuten Xinear lurraldean eta bertan kokatu ziren. (…) 'Ea, eraiki ditzagun hiri bat eta zerurainoko dorre bat. Ospetsu egingo gara eta ez gara munduan zehar barreiatuko'». Guztiok dakigu Hasiera liburuak hizkuntzen zatiketaz ondoren dioena, nola sortu zen gaur egungo Babel, hizkuntz ugaritasun hau, alegia.

Liburuaren egile Carlos Prietok ere sorrera horretara jo du, ipuina oinarri hartu eta 200 orrialdez gorako testu landu, atsegin eta jostaria idazteko. Azpimarratzekoa, ederraren ederrez, liburuari hitzaurrea egiten dion Carlos Fuentesen testua...

Prietok dioenez, gizakiak duen dohain miresgarrienetakoak dira hizkuntzak. Ideiarik bihurrienak komunikatzen laguntzen digute, eta arlo ezberdinetako jakintza geureganatzen. Dohain hori gabe, dio Prietok, ez zen Egiptoko piramiderik izango, ez Partenoirik, ez Bachen musikarik eta ezta Sixtotar Kapera, maien egutegi, ordenagailu edo espazioaren azterketarik ere… Hizkuntzak bizirik iraunarazten du gure arbasoek duela milaka urte erabili zuten pentsamendua. Aldi berean, gaur egunean darabilgun gogoeta ondorengoetaratzen laguntzen digu.

Horretaz ari da egilea liburu honetan. Lehenengo kapituluetan, hizkuntzen sorreraren inguruko misterioak aztertzen dira, duela 100.000 urte Lurrean homo sapiensa agertu zenetik hona. Era berean, gaur egunean bizirik diren 6.000 edota 7.000 hizkuntzak hizkuntz familia bakan batzuetan biltzen direla ere azaltzen da; are gehiago, zenbait teoriaren arabera hizkuntza guztiak aitzina-aitzinako protohizkuntza batetik letozkeela… Hau, jakina, ez da inoiz egiaztatu, baina ezin uka ikerketa interesgarri askoak eragin dituela.

Iraganera joz gero, Prietok egiten duen moduan, eta hizkuntzen eta hitzen arrastoari segika abiatzen bagara mende eta mendeetan, aurkikuntza harrigarrien lekuko izango gara. Gaztelaniak, esate batera, hain ezberdin eta urrutiko dituen errusiera, hindi eta afganierarekin duen ahaidetasunaz jabetuko gara. Edota, gaztelaniak berak garai bateko Anatoliako hititerarekin eta Txina hego mendebaldeko tokarierarekin dituen ahaidetasunak ere irakurgai izango ditugu…

Liburuak arreta berezia eman die latindar hizkuntzei, latinari berari eta gaztelaniari, nahiz eta hain ezagunak ez diren bestelako hizkuntzak ere sakon jorratu, dela dalmaziera, okzitaniera, sardera edota reto-friulera.

Hizkuntza germaniko eta eslaboen historia-bilakaerak erakusteko, berriz, familia horietako hizkuntzarik hedatuenak -ingelesa eta errusiera, hurrenez hurren-, aztertu ditu Prietok liburu honetan.

Halaber, Mexikoko eta amerikar kontinente handi zabaleko hizkuntza nagusien jatorri eta garrantzia ere aztertu ditu…

Cinco mil años de palabras honetan Carlos Prietok hainbat hizkuntzaren kasua agertuta ere, asko dira, eta inportanteak, autoreak aztertzeke utzi dituen hizkuntzak: horra, adibidez, txinera mandarina -munduan gehien hitz egiten den hizkuntza-, alemana, edo japoniera. Horri dagokionez, hurran dituen hizkuntzetara jo nahi izan du egileak, abentura bila. Izan ere, liburuari jarri dion izenburua ez ezik, Prietok bazituen beste bi ere aukeran, menturaz lanaren kutsua egiazko izenburuak bezain ongi adieraziko zuketenak: Hizkuntzen abenturak edo Bidaia denboran zehar munduko hizkuntzetan barrena.

Aurkibidea:

Agradecimientos
Prólogo, por Carlos Fuentes
Introducción. Origen y propósito de este libro

  • I. El misterio del origen del lenguaje y de las lenguas
  • II. Las lenguas de la Tierra
  • III. El latín
  • IV. El español
  • V. El portugués
  • VI. El francés
  • VII. El italiano
  • VIII. El catalán
  • IX. Las otras lenguas romances
  • X. El inglés: de oscuro dialecto a lengua cuasi universal. Historia del inglés en seis actos
  • XI. El ruso: la principal lengua eslava
  • XII. La familia hamito-semítica o afroasiática
  • XIII. Las lenguas de América
  • XIV. En torno a números, cifras y lenguas
  • XV. Epílogo musical. Origen y evolución de algunos términos musicales

Bibliografía

Liburuaren ezaugarriak:

Azken eguneratzea: 2008/03/31