Euskal Autonomia Erkidegoak zergen eta finantzen eremuetan duen sistemak, foru lurraldeen eskubide historikoetatik eratorriak, berezko ezaugarriak ditu.
Sistemaren berezitasuna, Espainiako Konstituzioaren Lehengo Xedapen Gehigarriak aitortua, Autonomia Estatutuan jaso da eta bertan ezartzen da zerga eta finantza alorretan Estatua eta Euskadiren arteko harremanak Ekonomia Ituna foru sistema tradizionalaren bidez edo Hitzarmenen bitartez arautuko direla.
Oraingo Ekonomia Itunak (maiatzaren 23ko 12/2002 Legea, 2002/05/24 BOE) bere I. Kapituluan zerga harremanei buruzko nondik norakoak jasotzen ditu, II. Kapituluak finantza-harremanak aztergai dituela.
Euskadiko Zerga-Sistema
Ekonomia Ituna dela bide, Euskadik berezko zerga-sistema dauka, eskuarki Estatuetako zerga-administrazioek baino ez dauzkaten arautzeko eta kudeatzeko eskumenak dituena. Dena dela, Itunean bertan jasotzen dira zerga-harmonizaziorako arauak, Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-sistema eta Espainiako gainerakoak elkarri egokitzearren.
Eeuskadiren zerga-eskumena hiru herrialde historikoetako erakundeetan datza, hau da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeetan. Hala ere, Eusko Legebiltzarraren esku dago zerga-koordinazio, harmonizazio eta lankidetzako arauak onartzea. Ahalmen horiek erabilita, Eusko Legebiltzarrak 3/1989 Legea onartu zuen, horren bidez garatu ziren helburuak eta eratu Euskadiko Zerga Koordinazioko Organoa. Organo horretan Eusko Jaurlaritzako eta foru aldundietako ordezkariak daude, eta hiru herrialdeen arteko koordinazioa, lankidetza eta harmonizazioa bilatzea du helburu.
Sistema osatzen duten zerga guztiak foru ogasunetatik bildu eta kudeatu egiten dira, itunaren arauetan ezarritako baldintzetan.
Arauen ikuspuntutik, eta zuzeneko zergei dagokienez, EAEk berezko zergak ditu, hala nola, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga, Sozietateen gaineko Zerga, Ondare Zerga, eta Oinordetza eta Dohaintza Zerga.
Zeharkako zergei dagokienez, bi zerga handien arteko harmonizazio-maila ia erabatekoa da -Balio Erantsiaren Zerga - BEZ eta Zerga Bereziak, zerga horien izaerak berak hartara behartzen baitu; gainera, Europako Batasunean ere harmonizaturik daude. Hori horrela, foru ogasunen eskumenak zergaren kudeaketaren alderdi jakin batzuetara mugatzen dira. Aitzitik, zeharkako zergetan hirugarrena diru-bilketan, hots, Ondare Eskualdaketen eta Agiri bidezko Egintza Juridikoen Zerga euskal erakundeen esku geratzen da hein handi batean.
Itundutako zergek daukaten pisuaren berri jakiteko, ikusi besterik ez dago daukaten diru-bilketaren kopurua.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Finantzaketa Sistema
Euskadiko finantzaketa-sistemaren ezaugarri nagusia da gai dela bere zerga sistema osatzen duten zerga gehienak, ia guztiak, biltzeko , baita Autonomia Erkidegoaren erakundeei eskualdatu ez zaizkien gaietan Estatuaren gastuak finantzatzeko kontribuzioa emateko ere. Euskadik Estatuari ematen dio kontribuzioak Kupo izena du.
Ekonomia Itunaren II. Kapituluak Estatuaren Administrazioarekiko Finantza-Harremanak arautzen ditu, horien printzipio nagusiak honako hauek direla:
1. Euskadiko erakundeek autonomia izango dute zergen eta finantzen eremuetan.
2. Elkartasunari eutsiko zaio.
3. Aurrekontu-egonkortasunaren arloan Euskadiko erakundeak Estatuarekin koordinatuko dira eta berarekin
lankidetzan arituko dira.
4. Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen ez dituen Estatuaren zamak direla-eta, Euskadik kontribuzioa
egingo du.
5. Toki-erakundeen finantza-tutoretza. Euskadiko erakunde eskudunei dagokie.
Kupoa kalkulatzeari dagokionez, Ekonomia Itunaren arabera bost urtetan behin lege baten bidez kupoa ezartzeko metodologia ezarriko da.
Horiek horrela, maiatzaren 23ko 13/2002 Legeak onartu du 2002-2006 bosturteko kupoa ezartzeko metodologia.
|